Nobedadeak, gunez gune

Anboto 2014ko aza. 12a, 12:37

Szenatokia: Arte eszenikoen plaza

San Agustin kulturgunean atonduko dute euskarazko arte eszenikoen eremua. Zortzi antzezlanen laginak ikusteko aukera izango da, bertan, esaterako, Antzerki Maratoian. Zubi eta Mugalariak antzerki lehiaketetako irabazleek euren sorkuntzaz eta egitasmoez berbaldiak eskainiko dituzte Kafia eta berba solasaldietan, eta Kepa Junkera eta Organik dantza taldeak Txapeldun ikuskizunaren estreinaldia egingo dute Durangoko Azokan.

Irudienea: Ikus-entzunezkoen plaza

Zugaza zineman eskainiko dituzte euskarazko dokumentalak, eta film labur zein luzeak. Kameratoia lehiaketaren 10. edizioa burutuko dute, eta Eneko Dorronsorok ekoitziriko Xalbador filma estreinatuko dute.

Ahotsenea: Sortzaileen plaza

Bi karpa atonduko dituzte Ahotsenea hartzeko. Zuzenekoen karpan eszenatoki bi ipiniko dituzte parez pare, eta sortzaileekin solasaldiak hartzeko beste karpa bat atonduko dute. Guztira, 55 kontzertu eta 35 solasaldi programatu dituzte. Parte hartuko duten sortzaileen heren batek lehengo lana aurkeztuko duela azpimarratu dute antolatzaileek.

Plateruena: Kontzertu handien plaza

Gatibu, Hesian eta Vendettaren kontzertuak hartuko ditu, besteak beste, Plateruenak. Berezia izango da 2014ko Durango Azoka Plateruenarentzat: 10. urteurrena bete baitu Durangoko Kafe Antzokiak aurten. Disziplina artistiko ezberdinak bilduz, egitarau propioa prestatu dute Durangoko Azokaren egunetarako.

Saguganbara: Txiki eta Handien plaza

Areto handia eta txikia izango ditu aurten ere Saguganbarak. Bi aretoak lepo betetzeko, 20 tailerretik gora antolatu dituzte Berbaro elkarteak eta Mintzola Fundazioak, ahozkotasunaren eta kulturaren transmisioaren garrantzia plazaratzeko helburuagaz.

Kabi@: Digitalaren plaza

Azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkeztuko dituzte gune horretan. Hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresa izango dira bertako programazioaren lau ardatzak.

Azoka TB

Landakon platoa izango du Azoka Telebistak, eta zuzeneko saioak eskainiko ditu abenduaren 5tik 8rako Durangoko Kulturaren Plazako bizitasunaren berri emateko.

Areto Nagusia: Gogoetaren plaza

Euskal kulturaz solastu, eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa sortuko dute, aurten, Durangoko Azokako Areto Nagusian. Ohiko liburu eta disko aurkezpenez aparte, elkarrizketak, solasaldiak eta mahai-inguruak antolatuko dituzte. Besteak beste, Fermin Muguruza, Maialen Lujanbio, Gorka Urbizu, Bernardo Atxaga, Ander Lipus edo Laura Mintegik hartuko dute solasaldi horietan parte.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!