Tabirako biribilgunea

Aldundiak Tabirako biribilgunearen obra udala "informatu eta galdetu barik" egin izana kritikatu du PSE-EEk

Anboto 2014ko ira. 30a, 10:58

Proiektuaren ondorioz, biribilguneak ez du Gasteiz Bidea kalera irteerarik edukiko. PSE-EEkoen ustez, Alde Zaharrera doan sarbide zuzen bakarra kenduko da horrela. Gidariek Intxaurrondo kaleko biribilgunera arte joan eta buelta hartu beharko dute Alde Zaharrean sartzeko.

PSE-EEko Pilar Ríosek prentsa ohar bidez azaldu du obra udala "informatu eta galdetu barik" diseinatu dutela, eta horregatik "hutsune larriak" dauzkala. Garrantzitsuena, biribilguneak Gasteiz Bidea kalera ez duela irteerarik edukiko. Aldundia kritikatu du zinegotziak, eta kezka agertu du EAJk gobernatzen dituen bi erakundeen artean "komunikazio falta" egoteagatik. Ríosen berbetan, gobernu taldeari "ahalik eta arinen" Aldundiagaz hartuemanetan ipintzea eskatu diote, proiektuari aldaketak egiteko.

Ríosek gogoratu du Tabirako biribilgunean 92 istripu gertatu izan direla orain arte, hiru pertsona hil eta beste hiru larri zaurituta. Horregatik, "puntu beltza" dela esan du. "Aldundiak jakin du zelako arriskua eta funtzionamendu txarra eduki dituen biribilguneak, eta durangarrak arriskuan ipintzen ibili da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!