Tabirako biribilgunea

Tabirako biribilgunea egiteko obrak adjudikatu ditu Aldundiak asteon

Anboto 2015ko ots. 6a, 14:53

BI-623 errepidean bide-segurtasuna hobetzea da Bizkaiko Foru Aldundiak obragaz duen helburua.

Bederatzi hilabeteko obren ostean, gaur egungoa ordezkatuko duen biribilgune bat egongo da Tabiran. Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da BI-623 errepideko tarte horretan bide-segurtasuna hobetzea. Izan ere, bertan azken hamarkadetan gertatutako istripuek kezka eragin izan dute, bai Aldundian, bai Durangoko Udalean. Ia 100 auto istripu jazo dira Tabirako biribilgune eta saihesbidean. Ezbehar horietan hiru lagun hil, eta dozenaka zauritu dira.

BI-623 errepidearen errail nagusitik aparte dago Tabirako biribilgunea, Aldundiak prentsa oharrean zehaztu duenez. Horren eraginez, ezkerretarako biraketak egin behar izaten dira biribilgunean sartu eta irteteko. Autoen abiadura kontuan hartuz gero, istripu bat izateko arrisku handia dago. Obragaz, biribilgunea errepidera batuko dute. “Biribilgunea hobeto egokituko zaio trazatuari, eta, horrela, ezkerretarako biraketak desagertuko dira”, azaldu du oharrean. Bi milioi euroko aurrekontua dauka Aldundiaren egitasmoak, eta bederatzi hilabeteko epea ipini dio obra adjudikatu dion enpresari.

Zirkulazioa bereiztea
Horretaz gainera, Tabirako eta San Rokeko biribilguneen artean errepideko erdibitzaile bat ezarriko dute obra horren bitartez. Horrela, zirkulazioaren bi noranzkoak hobeto bereiztea lortu gura dute, Foru Aldundiko ordezkariek azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!