Iñaki Estankona: "Autoak duen balio sentimentala inork ezin dit ordaindu"

Anboto 2014ko mai. 30a, 12:45
1953an, Iñaki Estankonaren aitak, José Estankonak, Espainiako lehenengo autoak diseinatu zituen Durangon, eta, gaur egun, Iñaki da ‘Estankona’ autoaren jabea. Aurten, ‘Estankona’ autoaren 60. urteurrena da. Iurretako institutuko ikasleek auto bat egin dute ibilgailu honetan oinarrituta.


1953an zure aitak lehenengo kotxeak egin zituen, baina proiektuak ez zuen aurrera egin?
Lehenengo autoa 1948an egin zuen. Garai hartan, leku batetik bestera joateko arazoak zeudenez, etxerako egin zuen autoa. Eta, gero, hortik bururatu zitzaion auto lantegi bat sortzea. Orduan, hiru eredu egin zituen, eta bere asmoa Zornotzan lantegia eraikitzea izan zen. Horretarako, lehenik eta behin, behar-beharrezko izan zuen Madrilera joan, eta bertan hiru autoak erakustea.

Nahiz eta lizentzia eskuratuko zuela pentsatu, esku-hutsik itzuli behar izan zuen Durangora.
Bai, hori da. Madrilera heldu zenean, zorionak eman eta ordua zela Espainiak bere autoa edukitzeko esan zioten. Baina, gero, Francoren anaiak, Nicolas Francok, autoen munduan negozioa zegoela ikusi, eta berak ere negozioaren parte izan nahi zuela esan zion. Baina gure aitak ez zuen ezer jakin nahi politika kontuez. Eta, gainera, ordurako lantegirako behar zuen finantziazioa eskuratuta zuen, Juan Marchekin tratua egin zuelako. Orduan, gainontzeko guztiei ezezkoa esan zien, zer egiten ari zen konturatu gabe. Ezezkoa eman zienean, negozioan sartu nahi zuten guztiak oztopoak jartzen hasi zitzaizkion, lantegiarekin aurrera egiteko. Bere plan guztiak atzera bota behar izan zituen. Ordurako autoen prezioa ere jarrita zuen: 35 mila pezeta.

Fabrikarekin bakarrik ez zituen arazoak izan, autoak matrikulatzeko orduan ere arazoak eduki zituen.
Madrilera joateko, matrikula berezi bat jarri zioten autoei, berde kolorekoa. Euretako batek, gainera, Durango izena zeraman, eta horiek baimen berezi bat zuten, inguruko probintzietatik bakarrik ibiltzeko aukera zuten. Hala ere, Madrildik itzuli zirenean, matrikulatu ahal izan zituzten.  

Hiru auto egin ziren, eta, orain, bakarra dago.
Bai, horrela da. Gidatzeko baimena atera nuenean, orain etxean daukadan autoa gidatzen hasi nintzen. Urte betez ibili nintzen kotxearekin. Eta, garai hartan, 1968 inguruan, etxean traba egiten ziotenez, beste biak txatarrera bota zituen aitak. Eskerrak orain daukadana nik neukan, bestela, hau ere beste biak joan ziren leku berera joango zen.

Eta, gaur egun, autoa sortu zenean bezala daukazu, edo aldaketaren bat egin diozu?
Nik autoa erabili nuen garaian motorra eta beste zenbait gauza aldatu nizkion. Baina, gero, 1991n, berriz ere lehengo moduan jarri nuen, aurretik  kendu nizkion gauzak gordeta nituelako etxean. Eta, orain, aitak sortu zuenean bezala dago Estankona autoa.

Oraindik ere martxan dabil?
Bai, nahiz eta erabiltzen ez dugun, oraindik ere badabil. Martxan jarriz gero, 100-120 km/h-ko abiadura hartzeko gai da. Argi dagoena da, mantentze kontuei dagokienez, ibili nahi izanez gero, gauza ugari aldatu beharko litzaizkiokeela eta garestia izango litzatekeela, baina ibili badabil.

Inoiz bururatu zaizu saltzea?
Jendea etortzen zait autoa erosiko didala esanez, baina beti esaten diet inork ez duela dirurik hori erosteko, duen balio sentimentala inork ezin duelako ordaindu.

Iurretako institutuko ikasleek auto elektriko bat egin dute, zuen autoan oinarrituta.
Auto bien artean ez dago zerikusirik, oso ezberdinak dira. Baina, bai, egia da, 60. urtemugari erreferentzia eginda, autoa omendu nahi izan dutela. Egia esan, pozgarria da institutu txiki batek munduko unibertsitate handienekin lehiatu ahal
izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!