Saretzen: Banketxeak

“Garrantzia ematen diogu pertsonak erdigunean jartzeari; bulegoak mantentzea oso garrantzitsua da guretzat”

Goiena 2024ko mar. 15a, 09:30

ANBOTOk eta Tokikomeko beste hainbat herri komunikabidek bankuen egoera eta digitalizazioaren eragina aztertu dituzte. Horren barruan, GOIENAk Debagoienako eta Goierriko Laboral Kutxako zuzendari Josean Aparicio elkarrizketatu du.

Digitalizazioaren ondorioz, hainbat aldaketa izan dira jendearen egunerokoan eta funtzionatzeko eran. Digitalizazioaren eraginetariko bat bankuetako funtzionamenduan nabari da. Euren jokatzeko era aldatu egin da eta digitalizazioak aurrez aurreko bulego zerbitzuak murriztea ekarri du, besteak beste. 

Laboral Kutxan noiztik zabiltzate digitalizazioarekin?
Zail da esatea, baina gure etxean lehenengo ordenagailua sartu zen momentutik. Esango nuke 70eko hamarkada amaieran izango zela. Orduan hasi ginen ordenagailuekin lanean, eta, pixkanaka-pixkanaka, 80ko hamarkadaren hasieran kutxazainak etorri ziren. Horren ondoren, 1995 inguruan, online bankarekin hasi ginen. Eta, noski, smartphonen etorrerak iraultza handi bat ekarri zigun. Momentu honetan digitalizazioa erabat txertatuta dago gugan, ezin dira banatu digitalizazioa eta bankuen sektorea.

Prozesu honetan zehar egokitzen joan beharko zenuten, ezta?
Horrela da, bai. Gure bazkideak tresna berri honetara trebatu behar izan ditugu. Baina gure erronkarik handiena gure antolaketa izan da. Banka oso sektore lehiakorra da, ezin daiteke atzean geratu, eta eskaerari aurre egin behar diogu. Horrek gure harreman eredua aldatzera eraman gaitu. Garai batean, bezeroekin aurrez aurre egoten ginen. Gaur egun, berriz, entitateak berak pentsatu behar du zer harreman duen bezero bakoitzarekin. Azken finean, batzuekin online egoten gara, beste batzuekin telefonoz, eta beste batzuekin aurrez aurre. Orduan, hori guretzat eraldaketa handia izan da.

Eraldaketa honek nola eragin dio langile kopuruari?
Lanpostuak erabat eraldatu dira; lehen lan batzuk egiten genituen eta orain beste batzuk egiten ditugu. Baina langile kopuruari dagokionez, gurean mantendu egiten da. Duela 20 urte eta gaur egun langile kopuru berdina daukagu. Lehen, bulegoetan gehiago zeuden, eta orain zentraletik ari dira gehiago.  

Bezeroek nola hartu dute digitalizazioa?
Bezeroekiko arretari begira dena aldatu da, eta esango nuke ondo egokitu direla honetara. Gazteak honekin jaio dira; beraz, hauek ez dute arazorik. Hauentzat digitala ez den entitate bat ez da bideragarria. Bestalde, jende heldua edo ez hain heldua dago. Horiei gure laguntza eskaintzen diegu. Eta, nola ez, bulegoan ematen ditugun zerbitzuak ere eskaintzen dizkiegu. 

Etorkizuna banketxeetako bulego eta kutxazain gabekoa izango da? Ala jarraituko dute gure herri eta hirietan egoten?
Gure herrietako plazetan gure bulegoek hor jarraituko dute. Guk gure bezeroari erarik onenean digitalki arreta ematen jarraituko dugu, eta elkarrizketa pertsonalari fokua jartzen. Horretarako, gure bulegoak eraldatuko ditugu, eta bulego horiek eman beharko digute aukera bi kanaletatik zerbitzua emateko. Guk garrantzia ematen diogu pertsonak erdigunean jartzeari, eta horretan jarraituko dugu. Beraz, alde horretatik, bulegoak mantentzea eta bulegoetatik negozioa bideratzea oso garrantzitsua da guretzat. Hori bai, egunen batean, pertsonek aukera hori eskatzen ez badute, moztu egin beharko genuke. Baina, normalean, pertsonek pertsonekin egon gura dute. 

BANKETXEAK DURANGALDEAN:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!