Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: Hirugarren denbora, errugbiko partidurik garrantzitsuena

Joseba Derteano 2024ko ots. 16a, 13:30

Errugbiko tradizio ezaguna bizirik mantentzen dute oraindino. Joan zen zapatuan DRTko eta Elorrioko kirolariek partidu osteko denboraz gozatu zuten. 

Zapatu arratsaldea da eta berbaroa entzuten da Arripausuetako aldagelen atzeko aldean. Durango Rugby Taldeko eta Betsaide Elorrioko jokalariak lagun artean solasean dabiltza, bromatik bromara mokadu bat jaten duten bitartean. Derbi estua jokatu berri dute —22-29, elorriarren alde—, eta zelaian mele, borroka eta tentsio guraina izan duten arren, orain ez da horren arrastorik geratzen. Hirugarren denboraren magia da. "Errugbian jokoan bezain garrantzitsua da hirugarren denbora", dio Gorka Rodriguezek, DRTko kapitainak. 

Errugbian tradizioa da partidu bakoitzaren amaieran talde bietako jokalariak jan-edanaren bueltan batzea. Kirol honetan sustatu gura diren balioen erakusle nagusia da. "Esaten da errugbian partiduak ez direla zelai barruan amaitzen, talde baten garaipenagaz edo porrotagaz; hirugarren denbora bat ere badagoela esaten da, lagun artean denok elkarregaz batzen garena, liskarrak alde batera utzita", dio Martxelo Eriz Betsaide Elorrio taldeko kapitainak. Gainera, anaitasuna ez da jokalarietara bakarrik mugatzen. Joan zen asteburuko hirugarren denboran bazegoen pertsona bat ez zena ez talde batekoa eta ez bestekoa: epailea. Derbiko epailea jokalariekin solasean aritu zen, beste taldekide bat gehiago balitz legez. 

Partiduko gorabeherak ez ezik, beste kontu batzuk ere izaten dituzte berbagai. "Durangokoen eta Elorriokoen elkartasuna aspaldikoa da. Gutariko asko elkarregaz ikasitako lagunak gara, eta denbora batean elkar ikusi barik egon eta gero, batak bestearen bizimodua zelan doan jakiteko balio du", diote kapitain biek. 

Onena, Sarakoa
DRT eta Betsaide Elorrio Euskal Ligan dabiltza eta denboraldian zehar Euskal Herriko makina bat herri bisitatzen dute. Kapitain biek diote hirugarren denbora guztiak direla onak, bakoitza bere ezaugarriekin, baina bat aukeratzeko eskatuta, Lapurdiko Sarako Izarra taldearena nabarmendu dute. "Abesteko ohitura dute eta oso giro ona sortzen da", diote kapitain biek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!