Martinez: “Bakarrik baino askoz gehiago gozatzen dugu musika elkarregaz”

Itsaso Esteban 2017ko mar. 31a, 19:30

Laborategiko teknikaria da Nerea Alza (Iurreta, 1994), eta Arte Dramatikoa ikasten dabil Usue Martinez (Durango,1993). Urtebete daramate elkarregaz jotzen. Iurretako ‘Auzorik auzo’ programazioaren barruko azken kontzertua eskainiko dute, bihar, 18:00etan, Goiuriko Santi Kurutzen. Beraientzat den bezala, entzuleentzat ere biharkoa emanaldi berezia izatea espero dute.  

Iurretako honen aurretik, gura beste aukera eduki duzue elkarregaz zuzenean aritzeko?
Usue Martinez: Tabernei baldintza asko ipintzen zaizkie kontzertuak antolatzeko, herri askotan araudia oso zorrotza da, eta horrek zaildu egiten digu zuzenean aritzeko aukerak izatea. Udalen kultur programazioek bultzada handia ematen diote kulturari, baina horietatik kanpo, kalean, informalago aritu ahal izatea ez da erraza. Edozelan ere, Matienan, Durangon, Zornotzan, Markinan eta Barakaldon jotzeko aukera izan dugu orain arte. Apirilean geldialdi bat egingo dugu, baina maiatzaren 27an Lekeition arituko gara.

Iurretako gonbidapena pozik hartuko zenuten.
Nerea Alza: Niri ilusio berezia egiten dit, Iurretakoa naizelako. Usuek eta biok elkarregaz abiatu dugun proiektu hau ezagutzera emateko aukera bikaina da.
U.M.: Auzorik auzo musika programazio honen planteamendua oso gustuko dugu, gainera: musika auzoetako ermitetara eramatea gauza berezia eta polita da.

Zelan ezagutu zenuten elkar?
N.A.: Duela 6-7 urte Usuek Durangoko taberna batean eman zuen kontzertu batera joan nintzen, eta han ezagutu ginen.
U.M.: Bakoitza bere bidetik ibili gara urteetan, baina iaz kontzertu berezi bat antolatu nuen Matienan, eta bere musika gustuko nuelako, nigaz jotzera gonbidatu nuen Nerea. Ikusi genuen gure ahotsek oso ondo ematen zutela elkarregaz, eta konexio bat sortzen zela jotzen genuenean. Ordutik gabiltza elkarregaz.

Mantentzen duzue konexioa.
U.M.: Oso aberasgarria da elkartrukea. Batzuetan, zaila egiten zaigu bakoitzaren lana eta bestelakoak uztartu eta entseatzeko tartea ateratzea, baina bakarrik baino askoz gehiago gozatzen dugu musika elkarregaz.

Bertsioekin hasi zineten. Sortu duzue kantarik elkarregaz?
U.M.: Bertsioak egiten hasi ginen, gero bakoitzak bere aldetik sortutako kantak elkarregaz jotzen... Orain, gogotsu gaude elkarregaz konposaketa lanari ekiteko. Pentsatu dugu denboratxo bat hartzea horretarako. Ez dugu markatu helburu modura disko bat grabatzea, baina elkarregaz sortzeari ekin gura diogu.
N.A.: Hasiberritan bertsioak jotzea normala da, baina denboragaz jendeari norbere kantak eskaini ahal izatea da politena.

Orain arte sortu dituzuen kantetan, zer kontatzen duzue?
U.M.: Kanten letren oinarrian gure bizipenak daude, maitasunari loturikoak asko. Bestetik, kritika soziala ere egiten dugu. Adibidez, tratu txarrei buruzko kanta bat daukagu.

Oso gaztetatik zabiltzate biok musikaren inguruan.
U.M.: 10 urtegaz hasi nintzen gitarra ikasten, eta 11 urtegaz Haur Kantari lehiaketan bigarren saria eman zidaten. Oso gogoan dut Arriagako final hura. Oso oroitzapen polita daukat.
N.A.: Ni nerabezaroan hasi nintzen. Lehenago ere esana nion amari gitarra ikasi gura nuela, baina “segituan utziko duzu-eta, ez” esaten zidan. 13 bat urtegaz, nire kabuz hasi nintzen ikasten.

Musikak etorkizunean zuen bizitzetan zer leku betetzea gura zenukete?
N.A.: Orain betetzen duena beteko balu, gustura nengoke.
U.M.: Gaur egun oso jende gutxik dauka musikatik bakarrik bizitzeko aukera, beste lan bategaz uztartu beharra dago... Egiten dudanagaz disfrutatzen jarraitzea da nire helburua, musikak sortzen didan gozamena entzuleei transmititzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!