Kobanegaz senidetuko da Durango

Anboto 2016ko eka. 30a, 13:45

Michel Allison Kurdistango kongresuko emakumeen ordezkariari harrera egin diote Durangoko udaletxean, eta Kobane hiri kurdua Durangogaz senidetzeko lehen pausoa izan da. Duela pare bat hilabete, Durangaldeko zazpi lagun Kurdistanen egon ziren, eta hortik dator ekimena. Emakume kurduen borrokagaz lotuta, herri ahizpak izango dira anaiak beharrean. Bonbardatuak ere badiren Elorrio, Otxandio eta Gernikako herriek babesa erakutsi diote ekimenari.

Estaturik bako munduko herri handiena da Kurdistan, Turkia, Siria, Iran eta Iraken baitan zatitu zutena. Azkenaldian, Estatu Islamikoari (EI) aurre egitearren sona hartu dute, eta Siriako partean dagoen Kobaneko erresistentzia da adibide. Borrokaren eraginez, EIk hiria suntsitu zuen.

Allisonek eskerrak eman ditu egindako "harrera beroagatik". Azken 12 hileetako gatazkan, 7.000 lagun hil direla kontatu du, gehienak kurduak. Frankisten bonbardaketekin alderatu du: "Hemen orain 80 urte gertatu zena gertatzen dabil orain Kurdistanen". Elkartasun mezu horri heldu dio Aitziber Irigoras alkate durangarrak: "Zuen samina gertukoa da guretzat". Kobane berreraikitzen laguntzeko eta hango egoeraz informatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, euskal preso gaixoak askatzea eskatu du Allisonek: "Europako estatu demokratiko batetik espero daitekeena da Gorka Fraile bezalako preso gaixoak askatzea. Arazo politikoa humanoa ere bihurtzen da".

Ekitaldian Miren Urigoitia zinegotzi otxandiarra eta Idoia Buruaga alkate elorriarra ere egon dira. Buruagaren ustez, aberasgarria izango da senidetza, memoria egiteko ere. "Askotan ahaztu egiten zaigu Euskal Herrian bizi izan duguna".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!