Rio De Oro eta Lajwad elkarteak Saharagaz lanean jarraitzen dute

Anboto 2015ko aza. 13a, 09:00
Rio de Oroko kideak ume sahararrekin, aurtengo udan.

Durangaldea eskualde solidarioa da Saharako kausagaz, eta, batez ere, Tindufen (Aljeria) dauden errefuxiatuekin. Elkartasun hori biderkatu egingo da orain, uholdeen erruz sahararren egoerak okerrera egin duenean. Adibidez, Rio de Oro taldeak kontu korronte bat zabaldu du eskola bat konpontzen laguntzeko, eta Elorrioko Lajwad elkarteak ur biltegi berriak ipintzen lagunduko du.


Rio de Oro taldeak aniztasun funtzionala edo ezgaitasunak dauzkaten ume sahararrak ekartzen ditu udan, Tindufetik, eta Izurtzan hartzen dute aterpe. Mikel Del Arco kideak azaldu du, arlo horretan dihardutenez, behar bereziak dituzten umeen eskola bat konpontzeko batuko dutela dirua. Eskola hori Dajla eskualdekoa izango da, kalte gehien jaso duen zonaldeetako bat, hain zuzen. “Jasotako diruaren %100 inbertituko da”, esan du Del Arcok. Hauxe da kontu korronte zenbakia: 3035-0129-1112-9003-4483. Bere esanetan, batutako diruaren arabera, udan hona etorritako umeen familiei ere lagunduko diete. “Batzuei etxeko horma bat jausi zaie, eta zenbaiti etxe osoa”.

Abenduan joango dira Tindufera, eta, laguntza emateaz gainera, eskolak bisitatu eta datorren udako ume taldea osatuko dute.

16 elorriar bidaian
Elorriotik ere 16 herritar joango dira kanpamenduetara, abenduan, eta ur biltegien ekimenaz aparte, 300 kilo janari eramango dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!