Bosgarren kontainerra martxan Abadiñon, Atxondon, Elorrion eta Zaldibarren

Anboto 2015ko ira. 23a, 16:25

Organikoa batzeko proiektuak pauso garrantzitsu bat emango du datozen asteetan. Abadiño, Atxondo, Elorrio eta Zaldibarko herritarrei organikoa sailkatzeko borondatezko dinamikan parte hartzeko deia egin diete.

Materia organikoa batzeko sistema Atxondora, Elorriora, Zaldibarrera eta Abadiñora (Traña-Matienan badago martxan iaztik, Iurretan bezala) hedatuko da datozen asteetan. Herritarrak sentsibilizatu, eta birziklapen tasa (%25 izan zen 2014an) igotzeko helburua du Amankomunazgoak. Herriguneetan bosgarren kontainerra –marroia– ipiniko dute, eta baserri eremuetan zein txaletetan autokonposta bultzatuko dute.

Urrian, informazio batzarrak egingo dituzte, herririk herri, interesa dutenei begira. Bertan azalduko diete zer materia bota ahal den eta zer ez, eta egunerokoan birziklatzeko tresnak ere emango dizkiete. Etxe bakoitzerako, ontzi bat eta 150 poltsa berezi egongo dira eskura, eta kaleko edukiontzia zabaltzeko giltza ere bai. Baserrietarako, autokonpostagailuak eskainiko dituzte. Guztira, 924 ontzi dituzte prest antolatzaileek, eta baita 167 autokonpostagailu ere.

Horrez gainera, Agenda 21ean parte hartzen duten eskoletan ere jardungo dute. Abadiñon Zelaieta eskolan, Elorrion Txintxirrin eta Institutuan, eta Zaldibarren eskolan. Informazio guztia webgunean.

371 etxetan

Dagoeneko Iurreta eta Traña-Matienako 371 etxetan hartu dute bosgarren kontainerra erabiltzeko erabakia. Gainera, beste hamalau komertzio dabiltza parte hartzen, eta 75 baserri edo txaletetan daukate autokonpostagailua. Arduradunek balorazio positiboa egin dute, eta bigarren faseko 924 ontziak banatuz gero, biztanleriaren %21ak parte hartuko duela iragarri dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!