Saiakera liburu berria kaleratuko du Joseba Sarrionandiak Durangoko Azokaren 50. ediziorako. Bere hausnarketa politikoen berri emango du 140 orrialde inguru edukiko dituen liburuan, Pamielakoen arabera. Iaz, Mondragon Unibertsitateak antolatutako Euskal Kulturaren Transmisioa graduondokorako berbaldi bi prestatu zituen Sarrionandiak, eta lan hori oinarri hartuta landu du saiakera. Alde batetik, bilakaera politikoa aztertu du, eta bestetik, literatura eta kulturaz hausnartu du. Gainera, graduondokoan parte hartu zutenetako batzuen ekarpenak ere jasoko ei ditu, Pamielakoek azaldu dutenez.
Argitaletxeko arduradunen arabera, idazlea azken ukituak ematen dabil, eta Durangoko Azokarako prest egotea da euren asmoa. 2010ean Moroak gara behelaino artean? saiakera argitaratu zuen, eta Euskadi saria jaso zuen. 1985ean Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen, eta geroztik iheslari politikoa da iurretarra.