Urrian helduko da edukiontzi marroia Abadiñora, Atxondora, Elorriora eta Zaldibarrera

Anboto 2015ko abu. 24a, 09:46
Iurretan eta Traña-Matienan jarri ditu, orain arte, edukiontzi marroiak Amankomunazgoak.

Zabor organikoa bereizteko kontenedorak jarri aurretik, informazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatuko du irailean Amankomunazgoak. Edukiontzi marroia erabili gura duten herritarrei etxerako edukiontzi marroia, poltsa konpostagarri sorta, kaleko edukiontzietarako giltza eta informazioa emango diete, doan. Herri horietako landa-eremuetan, gainera, etxean konpostatzeko sistema abiatuko dute.

Iurretan eta Abadiñoko Traña-Matienan lehen proba pilotua egin eta gero, zabor organikoa bereizteko aukera zabaldu egingo da laster Durangaldean. Abadiñoko auzo nagusietan, Atxondon, Elorrion eta Zaldibarren, guztira 37 edukiontzi marroi jarriko ditu Amankomunazgoak. Edukiontzi horiek zabaltzeko 600 giltza erosiko dituzte, eta hondakin sortzaile handi eta txikientzako poltsak eta edukiontziak banatuko dituzte. Batutako gai organikoak Bilbora, Bizkaiko Konpostegira, eroango dituzte.

Kaleko edukiontziez gainera, lorategia edo lursaila duten herritarrentzako, etxeko konpostajea bultzatzeko ekimena abiatuko du Amankomunazgoak. Informazio batzarrak eta prestakuntza tailerrak antolatuko dituzte, etxean kalitatezko konpostajea zelan egin ikasteko. Partaideek euren lorategi eta ortuetan erabili ahalko dute etxean bertan sortutako ongarri naturala.

Irailean hasiko dira sistemaren informazioa zabaltzen eta zerbitzua erabili gura dutenei materiala banatzen. Horretarako, informazio-puntuak ipiniko dituzte kalean, eta interneten ere blog bat elikatuko dute informazioa argitaratzeko: www.organikoadurangaldean.com.

Zabor organikoa bereizteko Amankomunazgoaren bigarren pausu honek Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du: 140.000 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!