Margolanen erakusketa ipini du Jose Enrike Urrutia Capeauk Durangon

Anboto 2015ko uzt. 6a, 09:34

Ekainaren 18an inauguratu zuten Argiaren paisaiak izenburuko pintura erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan. Jose Enrike Urrutia Capeau iurretarraren margolanen erakusketa da, ekainaren 18tik uztailaren 31ra arte Durangoko Museoan ikusgai dagoena.


Kolore bero eta biziko margolanek osaturiko bilduma da Argiaren paisaiak, itsasaldeko irudiak eta baso tropikaletakoa diruen landaredia erakusten dutenak. Argiak paisaia horietan sortzen dituen forma eta koloreak islatzen dira koadroetan.  

Urrutia Capeauk berak erakusketaren katalogoan esaten duenez, duela 15 urte Durangon egin zuen erakusketan, margolan ilun eta abstraktuagoak erakutsi zituen. “Orain argiarekiko gatazka besterik ez dut xede”, azaltzen du egileak, “ez baita deus argia bezain gauza eskapatzen errazagorik”.

Joseba Sarrionandiak idatzirikoa da Urrutia Capeauren erakustaren aurkezpen testua, eta idazle iurretarrak kontatzen duenez, gaztetatik datorkio Urrutia lagunari argia bere koadroetan jasotzeko irrika: “Hala eraman gintuen behin Barkoxera hango mendi barrenei argi berezia zeriela kontatuz...”. Argiaren paisaiak  ikustera joatera gonbidatu ditu herritarrak Sarrionandiak testu horretan: “Hor duzue erakusketa, edan lasai koadroei darien argitik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!