Munduko kontalarien saioak, Berrizen, Durangon eta Elorrion

Anboto 2015ko api. 14a, 09:00
Monika Klose kontalari alemaniarra da jaialdiko gonbidatuetako bat.

Helduentzako ipuinak eskaintzera etorriko dira munduko hainbat txokotako bost kontalari Euskal Herriko beste horrenbeste lekutara. Besteak beste, Elorrion, Durangon eta Berrizen eskainiko dituzte saioak. Portugal, Alemania, Galizia, Ekuador eta Euskal Herriko kontalarien jarduna izango da Munduko Kontu Kontalariak jaialdiak eskainiko duena.

Antolatzaileen berbetan, “gero eta globalizatuagoa eta uniformeagoa den mundu honetan, identitate propioak defendatu, eta memoria kolektiboa mantendu eta zabaltzen” laguntzea da asmoa.

Euren herrialdeetako tradizioko istorioak kontatzera eta gertakariren batzuk era berezian kontatzera etorriko dira kontu kontalariak Euskal Herrira. Luis Correia portugaldarra, Celso F. Sanmartin galiziarra, Angela Arboleda ekuadortarra, Monika Klose alemaniarra eta Josu Kamara euskalduna dira aurten jaialdira gonbidatu dituzten kontalariak.

JOSU CAMARA, ipuin kontalaria: "Aukera ederra da helduentzako ipuin kontalaritzaren mundua hobeto ezagutzeko"

Euskal Herriaren ordezkaria izango da Josu Camara aktorea Munduko Kontu Kontalariak jaialdian. Apirilaren 17an, 19:00etan,  Durangoko Udal Liburutegian eskainiko du umeentzako saioa.

Zein izango da zure egitekoa Munduko Kontu Kontalariak jaialdian?
Batetik, euskarazko aurkezpena egingo dut jaialdiko emanaldi guztietan: ipuin giroan aurkeztuko ditut munduko hainbat herrialdetatik etorritako ipuin kontalariak. Bestetik, eta hau nagusiki helduei zuzenduriko jaldia den arren, umeentzako saio bat eskainiko dut Durangoko Udal Liburutegian; salbuespena izango da Durangoko emanaldi hori.

Zer istorio dakarzu Durangoko liburutegira?
Urrezko sagarra da eskainiko dudan ipuinaren izenburua. Joxe Arratibelek bildutako ipuinaren gainean egin dudan moldaketa da. Jatorriz oso klasikoa eta maskulinoa den istorioari genero rolak aldatu dizkiot: emakumerik ez zegoen lekuan, esaterako, Mentxu izeneko pertsonaia sortu dut, sendabelarren gaineko jakintza handia daukan emakumea. Istorio honetan Mentxu da zalduna sorgin baten atzaparretatik salbatzen duena. Ez da emakume pasiboa, eta justizia ekintzetan bera da pertsonaia aktiboa.  

Zelan hartzen dute umeek Mentxuren istorioa?
Umeek primeran ulertzen dute, eta, gainera, asko gustatzen zaie istorioa: emakumeak horrelako paperetan ikustea eskertzen dute. Liburutegietan egiten ditudan saioetan probatu dut ipuina, eta arreta handiz jarraitzen dute 5 urtetik gorakoek. Euren parte-hartzetik sortzen dira, gainera, saioaren hainbat elementu.

Zer azpimarratuko zenuke jaialdi honen inguruan?
Uste dut aukera ederra dela helduentzako ipuin kontalaritzaren mundua hobeto ezagutzeko; izan ere, Euskal Herrian ez gaude oso ohituta ipuin kontalarien helduentzako saioak entzutera. Ahozkotasunaren aberastasuna, ahotsaren boterea, era soil eta ederrean erakusten du jaialdiak; kasu batzuetan ipuinak izaten dira entzungai, gertaerak bestetan... Gogoan dut, aurreko edizio batean, Zornotzan entzun nuen kubatar kontalari baten emanaldiak liluratu egin ninduela.

 

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!