Durango eta Iurreta, zoladura ekologikoaren alde

Anboto 2015ko urt. 22a, 12:11

Trafikoaren kutsadura xurgatzeko balio duela uste dute sortzaileek, eta gainera, produktuaren %80 hondakinak berrerabilita landu dutela azpimarratu dute.

Durangon eta Iurretan zoladura ekologikoaren esperimentazioan sakondu gura dute. Ik4-Azterlan zentro teknologikoak, eta Probisa eta Prefabricados Alberdi enpresek zoladura berri bat asmatu dute, eta herri biak prest agertu dira bertan probak egiteko. Altzairugintzako hondarrak eta area dira produktuaren %80 horren parte, eta gainerakoa zementua da.

Galtzada-harri estiloko zoladura da. Iurretan Zubiaurre kalean ipini dute, lurpeko kontainerren atzean. Durangon, Pablo Pedro Astarloa kalean –Jesuitak ikastetxearen parean– ipiniko dute, espaloi zabalenean. Trafikoak isurtzen dituen nitrato oxidoak jasotzen ditu produktu berriak, eta arduradunek azaldu dutenez, euriaren eraginez deuseztatzen dira. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak “apustuaren garrantzia” nabarmendu du, eta Durangoko Aitziber Irigorasek Montevideoko asfaltoaren edota trafikoa lasaitzeko neurrien ildoan kokatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!