Zelan sortu zen EHE orain 35 urte?
Euskalgintzaren inguruko lagun batzuk batzen hasi ziren Lesakan (Nafarroa). Ikastolak, euskaltegiak eta beste mugimendu batzuk martxan zeuden, baina ikusten zuten alderdiek eta beste mugimendu batzuek egiten ez zituzten politika sozialak behar zirela euskararen alde borrokatzeko. Egoera horrek arduratuta batu ziren lehenengoz. Sortze agiria Durangon sinatu zuten, Liburu eta Disko Azokaren testuinguruan.
Zeintzuk dira EHEk gaur egun dituen funtzio nagusiak?
Herritar talde bat izan da beti, eta herritarrekin egin du lan. Urte askoan hizkuntza eskubideen defentsa izan da lan ildo nagusia. Azken urteetan, hausnarketa prozesu baten ostean, beste esparru batzuk ere lantzen hasi da: euskaraz bizitzeko hautua indartzeko dinamikak sustatzen, adibidez. Azken urteetan Euskaraz bizi da gure mezu nagusia. Bide horretan hiru ildo jorratzen ditugu. Lehenengoa udal administrazioena da, udalek eskumen asko dituztela eta herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa dela uste dugulako; herritarrak bide horretan aktibatu gura ditugu. Bigarren ildoa hezkuntza da, uste dugu garrantzitsua dela eredu bakar eta euskalduna. Hirugarrena norbanakoak dira, dinamika guztiak norbanakoei begira egiten ditugu, uste dugulako aldaketak emateko herritarrek izan behar dutela protagonista, eta aktibazio hori bultzatu gura dugu.
Eta zelan aktibatzen dira herritarrak?
Aspaldian mundu osoa dabil errezeta horren bila. Ez da erraza, kostatu egiten da jendea aktibatzea, baina ahalik eta dinamika parte-hartzaileenak bultzatu behar dira. Esaterako, Udala eta biok euskaraz dinamikagaz hasi ginen iaz. Zuzenean herritarrekin lantzen den dinamika da, azkenean herritarrek eurek joan behar dutelako udaletxeetara eskaera zehatz batzuk egitera.
Zein da euskararen egoera Durangaldean?
Euskararen ezagutzari dagokionez, nahiko eskualde euskalduna dugu, baina, jarrerari eta erabilerari dagokienez, egoera dramatikoa da. Jaio nintzenetik izugarrizko atzerapausoa eman dela uste dut. Euskararekiko eta bere erabilerarekiko kontzientzia galdu egin da.
Martitzenean mahai inguru bat antolatu zenuten Durangon, Gotzon Barandiaran kulturgile, Kontseiluko Paul Bilbao eta Uemako Miren Belastegigaz.
Gai asko jorratu ziren. Esaterako, azken aldian euskarari egindako erasoak: Ziburuko (Lapurdi) ikastola, Berria egunkariari emandako diru-laguntzak, udaletan hizkuntza politika aurrerakoiak proposatzerakoan Carlos Urkijok (Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria) hartu izan duen jarrera... Aurrerantzean hizkuntza politika burujabeak garatu behar direla eta euskararen inguruko lege gehiago behar direla aipatu, eta adibide bat ipini zuten: laguntzetan Berriari murriztutako kopurua AHTaren hamar metro eraikitzeko bestekoa da