Arrasatetik Amorebietara, tontorrik tontor, bederatzi ordu eskasetan

Anboto 2013ko urt. 15a, 10:44

Zigor Iturrietak (Euba, 1974) eta Txus Romonek (1975, Muskiz) Arrasate eta Amorebieta arteko 45 kilometroak Anbotoko mendizerra zeharkatuz egin zituzten joan zen urtean. Asteon publkatu dute abentura hartako bideoa

Zigor Iturrietak (Euba, 1974) eta Txus Romonek (1975, Muskiz) Arrasate eta Amorebieta arteko 45 kilometroak Anbotoko mendizerra zeharkatuz egin zituzten joan zen urtean. Asteon publkatu dute abentura hartako bideoa.

 

Txus Romon mendizalea da eta autoz Durangaldea zeharkatzen duen bakoitzean Anbotoko mendizerrara joaten zaio begirada. Beren haitz eta eraketagatik Dolomita txiki batzuk direla iruditzen zaio. Behin bere lagun Zigor Iturrietari (Eubarra da eta Durangon bizi da) proposamena luzatu zion: Zergatik ez gara egun batez Arrasatetik Amorebietara joaten, tontorrik tontor? Ultra trailak egitera ohituta dagoen Iturrietak proposamena onartu eta 2012ko martxoaren 31n abiatu ziren kamara bat eskuan hartuta. Asteon eskegi dute, Infernuko Diagonala izenburupean, orduko irudiak erabiliz osatutako 13 minutuko bideoa.

 

 

Hauxe da osatu zuten ibilbidea: Arrasate, Udalaitz, Besaide, Anboto, Alluitz, Aitz Txiki, Untzillaitz, Mugarra, Gainzorrotz, Belatxikieta eta Zornotza. Bederatzi ordu eskas behar izan zituzten: 8 ordu eta 55 minutu, hain justu (7.56 ordu geratu barik egindako denbora). Iturrietaren arabera ez ziren denborari begira ibili, elkarrekin abentura bat bizitzea zuten helburu: “Berez ibilbide hori ordubete gutxiagoan-edo egin daiteke. Baina Everestegaz gertatzen den antzerakoa da. Lehenengoek bidea zabaldu zuten eta ondorengoen lana azkarrago igotzea eta edo bide berriak zabaltzea izan zen. Gure denbora hor dago. Animatzen dena saiatu dadila hobetzen”, dio umorez.

 

Zigor Iturrietak ultra trailak egiten ditu The North Face taldeagaz. Aurtengo denboraldiari begira, hainbat ultra trail ditu egutegian: Kanariar Irletakoa, Lanzaroteko Transvulcania maiatzean  (ultra trailik mediatikoena eta munduko onenak batzen dituena), Andorrakoa (110 km) eta Mont Blanc-ekoa (166 km ditu munduko txapelketa egongo da jokoan). 2010ean hirugarren amaitu zuen munduko txapelketa. Iaz lasterketa erdian erori eta oinez egin zituen helmugara arteko kilometroak 155. postuan amaituz: “Aurten podiumean sartzea dut helburu. Horretarako entrenatzen gara egunero-egunero”. Abuztuko azken asteburuan izango da.

 

 

Proiektu berezi bi

Ultra trailez gainera, urtero proiektu bereziak antolatzen ditu Iturrietak. Aurten bi ditu aurreikusita. Ekainean Huescako Benasquetik irten eta Aneto puntara joan gura du Salenques-tempestades izeneko ibilbidea osatuz. Tarte batzuetan laugarren mailako eskalada guneak gainditu beharko ditu: “Eskalatzen ere jarduten dut eta bi afizioak bateratzeko modua da”. Egun bitan egin ohi den ibilbidea (joan-etorria) egun batean egitea du helburu.

 

Uztail amaieran Euskal Herrian hasi eta Katalunian amaitzen den Pirinioetako Goi Ibilbidea egingo du: 870 kilometrotan 3.000tik gorakoak diren 19 tontor igoko ditu eta 2.500-3.000 metro artean dauden 44. Guztira, 55.535 metroko desnibel positiboa du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!