Martxoan hasiko dute konpostajearen esperientzi pilotua

Anboto 2012ko ots. 8a, 13:39
Gaur aurkeztu dute Berriziklatu izeneko kanpaina. 50 familiaren partehartzea behar dute esperientziari ekiteko

Gaur aurkeztu dute Berriziklatu izeneko kanpaina. 50 familiaren partehartzea behar dute esperientziari ekiteko.

 

Hondakin organikoak konpostaje bidez birziklatzeko proiektua martxan ipiniko du udalak, esperientzi pilotu bategaz. Herritarrak informatuko dituzte datozen egunetan, eta arduradunen asmoa 50 familia esperientzira atxikitzea da. Helburua, "birziklapena laguntzea, zaborraren faktura murriztea eta auzotarrek euren zaborrari ingurugiroarekin begirunezko den etekin bat ateratzea" da. Zaborra bi partetan banatu beharko dute. Alde batetik, hondakin organikoak, materia biodegradagarri puruarekin, eta bestetik, hondakin mota baten sailkatu ezin diren materiak eta tratatu ezin direnak. Hondakinen %60a organikoa dela kontuan hartuta, sistema berriagaz 26.225 kilo inguru tratatzea itxaroten dute.

 

Udalak kontratatutako beharginak, hondakinak atez-ate batu eta Berrizburun amaitzeko teilatua besterik falta ez zaion konpostaje-plantara eroango ditu; hemen Azterlaneko ikerlariek kontrolatuko dute konposta. Emaitzen arabera ikusiko dute zertarako berrerabili ahal izango den azkeneko konposta. Konposta garraiatuko duen beharginak ibilgailu elektriko bidez egingo du, kontzientzia ekologiko bera jarraituz. Proiektuak 66.000 euroko aurrekontua dauka.

 

Otsailaren 21ean, 20:00etan, batzar irekia egingo dute arduradunek herritarrei begira Kultur Etxean. Bertan, azalpen-bideo bat ere erakutsiko dute, internet bidez ere zabalduko dutena. Herriko alderdi politko guztietako ordezkariek zein bizilagunek parte hartu dute ikusentzunezko horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!