Konpostaje ikastaroa antolatu dute berriro Berrizen, otsailerako

Anboto 2011ko ots. 7a, 10:04
Otsailaren 16an eta 17an konpostaje ikastaroa egingo dute Berrizen, Berriz Maite Dugulako taldeak eta Berrizko Udalak antolatuta.
Otsailaren 16an eta 17an konpostaje ikastaroa egingo dute Berrizen, Berriz Maite Dugulako taldeak eta Berrizko Udalak antolatuta. Iazko irailean ere antolatu zuten ikastaroa, eta 36 lagunek parte hartu zuten. Taldeak bete zirenez, jendea ezin parte hartuta geratu zen, eta orain bigarren ikastaroa antolatzea erabaki dute. Lehen ikastaroko partaideek hileotan konposta egiten jardun dute udaletxeko lorategiko konposta-ontzietan eta etxe partikularretan. Iraileko ikastaro hartan Paco Sainz EHNEko teknikariak gidatu zuen ikastaro teoriko-praktikoa, eta oraingoan ere bera izango da gidari. Irailean, lehen ikastaroa egin zutenean, udaletxeko lorategian konposta-ontzi bi ipini zituzten. Otsaileko ikastaro honetan konposterak zabaldu eta hileotan sortu den ongarria ikusteko aukera izango dute bigarren ikastarokoek; baita lehenengo txandakoek ere.

Izena emateko

Antolatzaileek ikastaroa talde bitan emateko asmoa dute. Goizekoa 10:00etatik 13:00etara izango litzateke, eta arratsaldekoa 16:00etatik 19:00etara. Izena emateko udaletxean galdetu edo berrizmaitedugulako@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

Herriko hondakinak, nora?

Berriz Maite Dugulako taldea zaborraren kudeaketaren gaineko hausnarketa herrian zabaltzen dabil iazko maiatzetik. Konpostatze ikastaro hauek hausnarketa prozesu horren barruan daude. Gorka Camara ezker abertzaleko zinegotziak hondakinen inguruko arduraren arrazoia azaldu du: \"Berrizen eta inguruko herrietan zaborraren inguruko ikuspuntu zaharkitua daukagula konturatu ginen\". Hondakinen kudeaketari buruzko informazioa eta alternatiben gainekoa zabaltzen hasi ziren orduan: \"Sistema egokiena zein den hausnartzeko informazioa eman dugu. Berriztarren nahietatik abiatuta, astiro-astiro pausuak ematea da asmoa\". Herri bakoitzak bere zaborra kudeatzea da Berriz Maite Dugulako taldearentzat sistemarik egokiena. Gipuzkoako hainbat herritako atez ateko bilketa lako sistemak eredugarriak dira, Camararen ustez: \"Ikastaroko parte-hartzaileei eta herritarrei hondakinen bestelako kudeaketa egingarria dela azaldu gura diegu; ez dela utopia bat\". Konpostatze ikastaroaren ondoren, martxoa hasieran, atez ateko zabor bilketa bertatik bertara ezagutzeko Usurbilerako irteera antolatuko du Berriz Maite Dugulako taldeak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!