Abadiñoko Gaztelu auzoko ermitaren estalkia zaharberrituko dute

Anboto 2024ko mai. 14a, 12:28

Lanak ekainean zehar egingo dira, eta uztailaren 4rako, San Martin egunerako, amaituta egotea aurreikusten dute. 

Abadiñoko Udala eta Bilboko Elizbarrutia, Gazteluko auzo-elkartearekin batera, ermitaren estalkia zaharberritzeko eta mendebaldeko ataria konpontzeko akordiora iritsi dira. Udaletik jakitera eman dutenez, lanek 63.941 euroko inbertsioa izango dute. Parrokiak eta udalak %50ean ordainduko dituzte lanak. 

Ermitako teilatua konpontzearena auzotarren hilabeteetako eskari bat izan da. Neguan, sarritan, bertatik igarotzen zirenei salda banatzen ibiltzen ziren, borondatearen truke, gero diru horrekin teilatua konpontzeko. 

"Balio historikoa duen higiezina da, baina, gainera, auzokoentzako bilgunea da betidanik, eta, beraz, hori zaintzen lagundu behar dugu, elementu kohesionatzaile eta auzoaren dinamizazio kultural eta sozialerako gune izaten jarrai dezan. Hilabeteak daramatzagu gai hori lantzen, aurrekontuetan partida bat onartu genuen horretarako, eta duela gutxi hitzarmena definitu dugu. Konponketa-lanak jaiak baino lehen amaitzea espero dugu. Beraz, auzotarrak oso pozik daude", nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!