Kadete mailan erreferente bihurtu gura du Abadiñoko San Prudentzio pilota txapelketak

Anboto 2024ko api. 20a, 11:55

Gazteen aldeko apustua egin dute aurtengo aldian.

Joan zen asteburutik abian da Abadiñoko San Prudentzio pilota txapelketa, Atxtxiki pilota klubak antolatuta. Nobedadeekin hasi da, gainera. Aurten kadete mailakoa izango da. Inguruan dagoen konpetentzia ikusita —Zornotzako Master Kaiola eta Mallabiko Biharko Izarrak, besteak beste— kadeteetan zentratzea erabaki dute, etorkizunean maila horretako txapelketa "erreferente" bihurtu guran, klubeko kideen esanetan.

Buruz buru zortzi pilotari ari dira eta binaka hamasei. Bizkaitarrak bederatzi dira —tartean Zornotzako eta Durangoko bina—, gipuzkoarrak beste bederatzi, nafarrak lau eta errioxarrak bi.

Beste nobedade bat da jardunaldiak Traña-Matienako pilotalekuan ez ezik Zelaietakoan ere jokatuko dituztela. Horrela herriko jai biak hartuko dituzte. Jardunaldiak honako egun hauetako arratsaldetan jokatuko dira: apirilaren 21an, Zelaietan; apirilaren 26an, eta, maiatzaren 1ean eta 4an, Traña-Matienan, San Prudentzio jaietan; maitzaren 12an eta 18an, Zelaietan, San Trokaz jaietan.

22ra beharrean, jokoak

Partiduak jokatzeko formatu berezia du Abadiñoko txapelketak. 22rako partiduak beharrean jokoetara jokatzen hasi ziren iaz, "emozioaren eta erakargarritasunaren" mesedetan. Kuriositateak ez dira hor amaitzen: buruz buru, joko bat kantxa osoan jokatzen dute eta hurrengoa lau eta erdian. Bana berdintzen badute, tantorik gehien egindakoak erabakiko du hirugarren jokoa zer distantziatan jokatu. Iazko parte hartzaileen artean "harrera ona" jaso zuen sistema dela diote pilota klubetik.

Abadiñokoa tradizio luzea duen txapelketa da. Iaz berreskuratu egin zuten sei-zazpi urteko parentesiaren ostean. Iazko aldia Uriartek irabazi zuen lau eta erdian eta Ibarloza-Bullon bikoteak binaka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!