Zornotzako alkateak Lasuen enpresaren lana defendatu du

Anboto 2016ko urt. 29a, 15:22
Alberto Lasuen ezkerretan eta Andoni Agirrebeitia erdian, eta Anartz Gandiaga eskuman gaur San Juan kaleko lanen berri emateko deitutako prentsaurrekoan.

Osalan, Lan ikuskaritza eta udal teknikariek obretara egindako ikuskatze denetan, “langileek norbera babesteko ekipamenduak bete dituzte”, Andoni Agirreitiaren esanetan.

Lasuen enpresa Osasun Zentro berriaren inguruko urbanizazio lanak egiten ari da. Gaur, San Juan kaleko lehen fasea amaitu dutela iragartzeko prentsaurrekoa deitu dute. Hantxe batu dira Lasuen enpresako kideak, obretako zuzendariak eta Andoni Agirrebeitia alkatea, besteak beste. Lanetako azalpenekin batera, azken asteetan zeresana eman duen beste gai baten gaineko iritzia ere eman du alkateak. Hain zuzen, Lasueneko langileek segurtasun neurrietan gabeziak zituztela eta LABek jarritako salaketaren harira, eta horrek sortutako oihartzunaren aurrean, Agirrebeitiak Lasuenen lana babestu du. Osalanek, Lan Ikuskaritzak zein udaleko teknikariak hainbat ikuskatze egin dituzte obretara eta “denetan langileek norbera babesteko ekipamenduak (NBE) betetzen zituzten”. Aurretik abisatu barik udaleko teknikariek obretara egindako azken ikuskatzea “joan barikuan bertan” izan zela argitu du: “Baliteke une jakin batean, langileren batek ehuneko ehunean NBEa ez bete izana, baina politika orokor moduan, neurriak bete direla argi utzi gura dugu”. Salaketa bat jarri aurretik “araudia zelan aplikatzen den ondo jakin beharra dago”.

Alberto Lasuenek ere bere burua eta gidatzen duen enpresa defendatu ditu: “43 urte daramatzat enpresaren buru eta inoiz ez dugu horrelako arazorik izan. Niretzako osoa garrantzitsua da segurtasuna. Pertsonalki neu egoten naiz gain-gainean. Orain arte ez zaigu lanik falta izan, izen ona dugulako eta gauzak ondo egiten ditugulako”.

Fernando Lazkano obretako zuzendariak ere Lasuenen lana defendatu du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!