Zornotzan errefuxiatuak hartzeko eskatu du HiriEkimenak

Anboto 2015ko ira. 3a, 14:05

Hainbat ekimen zehatz jasotzen dituen mozioa sartu dute udalean, hurrengo udalbatzarrean eztabaidatu dadin. Egoeraren aurrean “ezin dugu beste alde batera begiratu”, diote.

HiriEkimenak azken 50 urteetako “krisi-humanitariorik handienaren aurrean” gaudela deritzo eta egoera horri maila lokalean ere aurre egin behar zaiola. Horregatik, beste hainbat herritan egin den antzera, Zornotzako Udalak errefuxiatuak hartzeko konpromiso ofiziala har dezala gura du. Zornotza errefuxiatuentzako herri-aterpe izendatu gura dute. Horrela, izendapen hori eta hainbat ekintza zehatz jasotzen dituen mozioa sartu dute udalean. Bozeramaileen batzordean eztabaidatuko dute lehenengo eta, ondoren, gaia hurrengo udalbatzarrera eramatea gura dute.

Udal jabetzako etxe hutsak

Ekintza zehatzak jaso dituzte mozioan. Errefuxiatuei udal jabetzakoak diren etxebizitza libreak eskaintzea proposatu dute, eta, behar balitz, baita Kutxabanken jabetzakoak diren bizileku hutsak ere. Egoera kudeatzen lagunduko lukeen lan-talde bat ere sortuko litzateke errefuxiatuekin lan egiten duten CEAR Euskadi eta Gurutze Gorriko kideek osatuta.

Horrekin batera, Espainiako Gobernuak gai horren inguruan Europatik jasotzen dituen errekurtsoak zuzenean herrietara helaraztea proposatu dute. Azkenik, errefuxiatuei euskara eta gaztelera ikasten laguntzeko baliabideak bideratzea ere beharrezko ikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!