Zornotzako barnetegia: Euskara ikastea uda honetako erronka

Anboto 2015ko uzt. 17a, 09:00

Euskara maila hobetzeko ez dago erabiltzea bezalakorik. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa hartuko du hiztunak. Baina horretarako inguru euskalduna behar da, eta, sarritan, horixe izaten da euskaldun berrien gabezia handiena: erabili nahi, baina ezin. Zornotzako barnetegiko udako ikastaro trinkoek egun osoan euskaraz murgiltzeko aukera eskaintzen dute: aste oso bi euskaraz bizitzen. Ikasleek aukera ikusten dute denbora gutxian euskarari bultzada handi bat emateko.


Aurten, uztailetik irailera sei maila antolatuko dituzte hamabostero, eta 300 bat ikaslek parte hartuko dute. Barneko ikaslea –bertan lo egiten duena– edo egunekoa izateko aukera dago. Batera zein bestera, ikasleak euskaraz biziko dira, eta horrek “epe laburrean ahalik emaitzarik onena” lortzeko bidea eskaintzen die, Marivi Zubiaga Gallastegi barnetegiko zuzendariaren esanetan. Neguko ikastaroetako eskolak asteko 30 ordutara mugatuta daude, baina udakoek ez dute mugarik, eta Zornotzan astean 49 ordu izaten dira. Horiei kanpoko ekintzak gehitu behar zaizkie, eta sortzen den “inguru euskalduna ikastaroetako funtsezko osagaia da”.

Zubiagaren hitzetan, “itzelezko eragina du, eta ikas prozesuan ezinbestekoa da. Edozein hizkuntza ikasten dabilen batentzat sarritan erronka nagusia hizkuntza erabiltzeko tokiak bilatzea izaten da. Eguneko 24 orduetan euskaraz ibiliz gero, buruko mekanismoak aktibatu egiten dira”. Eskolaz kanpoko ekintzak era askotakoak izaten dira, ahalik eta gustu gehienetara heltzeko: txalaparta saioak, euskal dantzak, Baltzolako kobazulora zein Pagoetara irteerak…

Errealitate desberdinak
Zubiagaren arabera, “adin tarte zabaleko eta egoera desberdinetan dagoen” jendea joaten da ikastaroetara: “ez dago profil zehatzik”. Adinari dagokionez, gutxieneko 16 urte dituzten ikasleetatik 60 urtetik gorakoetara batzen dira. Helburuei dagokienez, errealitate desberdinetatik badatoz ere, askok euren lan esparruari lotutako arrazoiak dituzte: esaterako, administrazioko langileak eta lan poltsetan daudenak dira asko. Gainera, gazteen kasuan, selektibitateari begira euskara maila hobetu gura dutenak ere badira.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!