Argazkigintza eta literatura, Arruabarrena eta Angoitiaren eskutik

Anboto 2014ko urr. 21a, 10:54

Segun Lazkano, Txelu Angoitia eta Jesus Mari Arruabarrenaren Noctis Labyrinthus egitasmoko argazkiak proiektatuko dituzte, urriaren 23an, 20:00etan, Zornotzako liburutegian. Emanaldi horretarako aukeraturiko testu zatiak irakurriko dituzte Angoitiak eta Arruabarren argazkilariek, emanaldi horretan: Houebelleqc, Benedetti, Sartre, Sarrionandia, Auster edo Atxagarenak, esaterako.

Arruabarrena eta Angoitiagaz batera, Fran Lasuen musikariak ere parte hartuko du egueneko ekitaldian. Argazkilariek azaldu dutenez, emanaldia antolatzen duten leku bakoitzean arlo kulturalean diharduen herritar bat gonbidatuko dute eurekin aritzera, eta Lasuen izango da lehenengo gonbidatua. Argazki eta literatura emanaldiaren ostean, bertaratzen direnekin gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko aukera zabalduko dute argazkilariek.

Orain arte toki berezietan erakutsi dute Noctis Labyrinthus; argazkiek iradokitzen dituzten dekadentzia, ezinegon eta eromen giroak iradokitzen dituzten tokiak aukeratu dituzte argazkiak erakusteko. Zornotzakoa bezalako emanaldiak, Txelu Angoitiaren Angst, Jesus Mari Arruabarrenaren Moo eta Segun Lazkanoren Ero  proiektuetako argazkiak jendarteratzeko formatu berria da.

Zornotzakoaren ostean, Bilboko CFC Argazkigintza eskolan eskainiko dute Durangaldeko argazkilariek emanaldia. Azaroaren 21ean izango da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!