"Izan daiteke belaunaldi kontua hirurok gai hauen inguruan jardutea"

Anboto 2013ko eka. 22a, 09:30

Elorrioko Musikaire jaialdiaren barruan, erakusketa paratu dute Txelu Angoitia, Segun Lazkano eta Jesus Mari Arruabarrena argazkilariek: Noctis Labyrinthus izenburua du, eta ilunari begiratzeko hiru modu batzen ditu

 

'Noctis Labyrinthus'  izena eman diozue erakusketa kolektiboari. Zer dela-eta batu zarete?

Txelu Angoitia: Hiruron lanak batzen dituen proiektu osoaren izenburua da Noctis Labyrinthus: nire Angst, Segunen Ero eta Jesus Mariren Moo.

 

Zelan sortu da erakusketa honetarako elkartzeko aukera? 

T.A.: Lagunak gara aspalditik, eta noizean behin elkarren lanak ikusteko batzen gara. Konturatu ginen hiru lan osagarri geneuzkala.

Jesus Mari Arruabarrena: Oso sintonia antzeko gaiak lantzen genbiltzan, nahiz eta tratamentua bakoitzak era batera egin. Antzeko sentsazioak transmititzen ditugu: gainbehera, tristura, biolentzia...

 

Sasoi bertsuan ibili zarete antzeko gaiok lantzen? 

T.A.: Bai, bakoitza bere erritmoan, baina sasoi berean jardun dugu gaiok lantzen.

J.M.A.: Txeluk zazpi bat urtean jardun du bere lanagaz, ni ere lau bat urtean nabil, eta Segunek ere bost bat urte daramatza.

 

Zergatik gai ilunak?  

T.A.: Pentsatzen jarrita, izan daiteke belaunaldiari loturiko gauza izatea hirurok gai hauen inguruan jardutea. J.M.A.: Gaztetxoa zarenean ez zara konturatzen, baina galerak gertatzen hasten dira heltzean.

 

Kontzienteki bilatu dituzue irudi dekadente horiek?

T.A.: Nire kasuan, argazkiak senez egiten ditut, eta gero konturatzen naiz zer gai lantzen nabilen.

Segun Lazkano: Enkarguzko lanak ez bezala, lan pertsonalak ez dira intelektualizatzen hasieratik. Lan pertsonala da hau, eta barrutik ateratzen dira gauzak, konturatu barik, gehienetan.

 

Zelakoa izan da bakoitzaren argazkiak mahaigaineratzea eta besteen ekarpenak jasotzea?

S.L.: Polita izan da, baina baita gogorra ere.

T.A.: Jesus Marik eta biok ohitura eduki dugu lehen ere elkarren lan prozesuetan bestearen iritzia eskatzeko. Kasu honetan, erakusketara begira batu gara hirurok: bakoitzak bere selekzioa ekarri du, eta hortik aurrera landu dugu hirurok.

 

Harreman pertsonala beharrezkoa da horrelako elkarlan batean jarduteko?

S.L.: Bai, argazkilaritzatik edo beste kontu batzuetatik harreman landua dugu.

J.M.A.: Harreman hori gabe ere, argi berba egiteko gogoa badago, berdin-berdin egin daiteke.

T.A.: Asko laguntzen du kritikatzen duenaren helburua positiboa dela jakiteak: zure lana hobetzeko egiten du.

S.L.: Niretzako berria izan da honelako ekarpenak jasotzea, eta oso aberasgarria izan da.

 

Asko aldatu dira lanak elkarlan horren ostean?

T.A.: Hasieran uko egin arren, askotan konbentzitu egiten zaituzte, nahiz eta azkenengo berba egilearena den.

J.M.A.: Zeu ere konturatzen zara zure mesederako dela kritika. Norabidean asmatzeko oso lagungarria da elkarlana. Besteen lanetan asko sinesten dugu hirurok, eta oinarrizkoa da hori.

 

Argazkiak zelakoak dira?

T.A.: Gauez egindako argazkiak dira gehienak, ilunak.

J.M.A.: Tristura, gainbehera, heriotza, beldurrak, biolentzia, zoramena, etab. islatzen duten argazkiak dira.

 

Zelan sortu da Musikaireren egunetan erakusteko aukera.

S.L.: Proiektuak oso harrera ona izan zuen, eta Casajara jauregia eskaini zuten erakusketarako.

J.M.A.: Gure ideiarekin oso bat datorren lekua da, gainera. Leku berezietan eskaini gura dugu aurrerantzean ere erakusketa: Durangoko hiltegi zaharrean egitea ere pentsatu dugu, eta hiriburuetan erakutsi gura genuke, baita. Erakusketara etortzea ikuslearentzat esperientzia bat izatea nahi dugu: beste jende batekin konpartitzea, etab.

T.A.: Argazkiak Interneten ikusita lortzen ez dena lortu gura dugu: Elorriora etortzea, begiak aretoaren iluntasunera ohitzea, giroan sartzea eta sentitzea.

J.M.A.: Nahiz eta argazkigintzatik oso urrun egon, erakusketa honetatik zeozer jaso dezake aurreiritzirik barik datorren musika edo literatura zaleak ere.

T.A.: Ikustera datorrenari erakusketak barruan zeozer ukitzea da gure asmoa.

 

Elkarlanean jarraituko duzue?

J.M.A.: Esperientzia honetatik ikasi dugu hirurok indarra eginda errazagoa dela aurrera egitea.

S.L.: Udazkenean, esaterako, hiruron argazkiokin liburu bilduma bat ere kaleratuko dugu.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!