Jabi Renobales zornotzarraren antzezlanak zabalduko du antzerki programazioa

Anboto 2014ko ira. 30a, 10:33
Luisja Ugarte kultur programatzailea, Jabi Renobales aktorea eta Andoni Agirrebeitia zinegotzia, aurkezpenean.

'Kibubu' antzezlanaren urriaren 3ko emanaldiagaz zabalduko dute asteburu honetan, Zornotza Aretoaren ikasturte berriko programazioa. Atzo aurkeztu zuten urteko azken hileotarako programazioa.

Marie de Jongh konpainiaren familia osoarentzako Kibubu ikuskizuna izango da, barikuan, Zornotza Aretoko urte amaierako programazioa zabalduko duena. Jabi Renobales zornotzarra da obra horren protagonista nagusia, eta FETEN lehiaketan aktore onenaren saria jaso du, lan horregatik, aurten.

Atzoko agerraldian azpimarratu zutenez, hemendik eta urte amaierara, familia osoarentzako beste lau ikuskizun izango dira Zornotza Aretoan. Azaroan, umeei zuzenduriko dantza garaikideko ikuskizuna eskainiko du Elirale konpainiak; eta Kleur izenekoa, Dansmakers Holandako taldeak. Abenduan, Amama Anaren bidaia eta Hiru txerritxoak izango dira, La Papa Teatroaren eta Glu Glu produkzioak konpainiaren eskutik. 

Ohi bezala, mota guztietako ikusleei zuzenduriko proposamenak programatu ditu Ametx erakunde autonomoak, datozen asteetarako. Urriaren 10ean, Delirios de papel obra eskainiko du Txileko La Llave Maestra konspainiak, eta Cabaret Chihuahua musikal kritiko eta ironikoa, izango da, urriaren 24an, ikusgai.

Khea Ziater eta Mirage Teatro taldeen ikuskizunak ere izango dira datozen hileetan, Zornotza Aretoan, ikusgai. Saharaz hegoaldeko 14 etorkinek Quijotadas antzezlana eskainiko dute, abenduaren 12an.

Egiarte Zornotzan

Musika eskaintzari dagokionez, Gabacho Connction jazz boskotea eta Beñat Egiarte Zornotzako abeslaria izango dira, besteak beste, Zornotzan entzungai. Osasun arazoak zirela-eta, bertan behera utzi behar izan zuen Beñat Egiarte abeslari zornotzarrak bere herriko emanaldia. Azaroaren 28an izango da emanaldi hori.

Zornotza Aretoko zinezaleentzako eskaintzaren berri ere eman zuten atzoko aurkezpenean; urrian, Frances Ha, Ida, eta Boyhood filmak eskainiko dituzte; azaroan, Alabama Monroe, Begin again eta Jersey boys emango dituzte; eta Le passe, Omar eta Hermosa juventud, abenduan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!