Javier Renobales: "Berba batek baino gehiago adieraz dezake keinu batek"

Anboto 2014ko api. 10a, 09:00
‘Kibubu’ antzeztuko du Marie de Jongh taldeak, apirilaren 13an, 18:00etan, Durangoko San Agustinen. Feten saria jaso duen Javi Renobales (Zornotza, 1964) aktorearen lana izango da ikusgai, besteak beste

 

Xebas zara obran. Zelakoa da bera?
Cocogaz osatzen du Xebasek pailazo bikotea. Arrakastarik ez dute izan, baina gogoa eta ilusioa ez dute falta. Ezagun eta arrakastatsu egingo dituen ikuskizuna prestatzen ari dira. Gorila bat erosteko ideia jeniala bururatuko zaio Xebasi. Gorila etxekotu eta beragaz agertoki handienetan saioak eskaintzea da plana. Baina gorilak bere izaera dauka, eta ez du Xebasek agintzen diona txintik esan barik beteko. Gorilari gauzak irakasteko saiakera horretan, Xebas eta Cocó dira gehien ikasiko dutenak.

Berbarik barik erakusten du Kibubu gorilak ere bere pertsonalitatea?
Bai, noski. Berbarik bako keinuetan oinarritutako antzezlana da Kibubu. Marie de Jongh gure taldeak egin dituen gehienak dira testurik bako antzezlanak. Antzezlanekoa berba bako borroka bat da, Xebasek gorilak egitea nahi duenaren eta gorilaren duintasunaren artekoa. Momentu batzuetan gorilak ez dio jaramonik egiten Xebasi, eta hortik sortzen dira antzezlanaren tramako gatazkak. Harreman hirukoitzaren kontakizuna da berben beharrik barik kontatzen duguna.

Zer sentimendu eragiten du lanak eta Xebas zure pertsonaiak?
Aspalditik gure lana ezagutzen duen lagun batek esan zigun: “Marie de Jonghen lan bat ikustea emozioen errusiar mendian ibiltzearen parekoa da: barre-algaratik negarrera; eta gorabehera horretan zabiltza”. Egia dela uste dut: Jokin Oregik kontatzen dituen istorioak beti dira oso emotiboak. Xebas istorioaren gorabehera horien zerbitzura dago.

Tomas Fernandezek egiten du Kibuburen papera, eta Ane Meabek Cocorena. Oso ondo ezagutzen duzue elkar, ezta?
Ane Meabegaz eta Jokin Oregigaz urte asko daramatzat lanean, azken urteetan, Marie de Jongh konpainiaren ikuskizun guztietan jardun gara elkarregaz.

Karakterizaziorik onenaren eta gizonezko interpretazio onenaren Feten sariak jaso ditu ‘Kibubu’ obrak. Baina Marie de Jongh lehenago ere saritu dute.
Bai. Marie de Jongh 2006an sortu zen, eta gure lehenengo ikuskizunak, Zer duzu Marie? lanak, Feten jaialdiko ikuskizunik onenaren saria jaso zuen. Alabatxo izan zen hurrengo egin genuen obra, eta ikuskizun onenaren saria jaso zuen Feten jaialdiaren duela bi urteko edizioan. Obra horregaz, Washington eta New Yorken ere egon gara. Eta, aurten, beste bi Feten sari jaso ditugu Kibubugaz.

Zein izan da obrako lanik zailena?
Pertsonaiari aurre egitean datza, beti, gure lanaren parterik inportanteena, eta adierazkortasuna lortzean; pertsonaiari keinuak, gorputzaren konposizioa eta mugimendua ematea da garrantzitsuena. Hori da gure lanaren ardatza, eta ohituta gaudenez, ezin esan zaila denik. Baina pertsonaia bakoitzari bere izaera eman nahi diozu; orain arte egin dituzun pertsonaietatik bereizi. Keinua da horretarako tresna. Denok daukagu keinuren bat bakar egiten eta definitzen gaituena, eta beti nabil horren bila; aktore naizen heinean oso erabilgarria egiten zaidalako.

Emanaldietan beste disfrutatzen duzu  aurrelan horretan?
Askoz gehiago! Sorkuntzaren momentu horietan ematen duzu zeuretik gehien, intimitate horretan. Entseguetan Jokinek planteaturiko eszenak gauzatzea ere oso gozagarria izaten da. Horiek dira momentu sortzaileenak eta emankorrenak. Emanaldia ere beste sorkuntza prozesu bat da, sekula ez aurrekoaren berdina. Prozesuaren parte guztietan, beti saiatzen gara daukagun onena ematen.

Testurik bakoa izateak errazten du obra bat zabaltzeko bideak aurkitzen?
Bai, eta ez atzerrian emanaldiak eskaintzeko bakarrik. Joan zen asteburuko emanaldira, esaterako, gor-mutu talde bat etorri zen; oso esker onez eta emozio handiz hartu zuten gure lana. Sarritan, berba batek baino askoz gehiago adierazten du keinu batek. Berbaz esan dezakezu “triste nago”, eta zuzen-zuzenean publiko guztiak jakin du triste zaudela, baina "triste" horrek gauza askori egin diezaioke erreferentzia, eta emozioen ñabardurak adierazteko keinuak baliabide gehiago eskaintzen dituela uste dut.

Zelako harrera egin dio publikoak, orain arteko emanaldietan, Kibuburi?
Oso ona. Oholtzan Kibubu gorila agertzeak sortzen du inpaktu bisual bat. Erakargarria da. Eztabaida ere sortu izan du batzuetan [barrezka]: gorila oholtzara ateratzean entzuten ditugu umeak eztabaidan: “–Benetakoa da! –Ez, ez da benetakoa –Bai, badaaa!”. Jokinek hasieratik oso argi zeukan benetako gorila bat nahi zuela. Hori ezin daitekeenez izan, errealitatetik ahalik eta gertuen karakterizatu nahi izan zuen, eta zinemarako efektu bereziekin lan egiten duen enpresa batekin sortu dugu animalia. Gorilaren mugimenduak ere ahalik eta gehien landu ditugu: tximinoen gaian aditu batek eman zizkigun gorilen anatomiari eta mugimenduei buruzko azalpenak.

Publiko familiarrarentzat sorturikoa da obra, ezta?
Bai, horrela da. Umeak helduekin etor daitezela da nahi duguna: umeak amagaz, aitagaz edo aiton-amonekin istorio horiek partekatzea gura dugu. Oso aberasgarria eta oso polita da hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!