Elikagai iraunkorrak batzeko hainbat ekimen egin izan dira Zornotzan azken urteotan, eta horiek Bizkaiko Elikagai Bankura (BEB) zuzendu dira. Ondoren, Bizkaiko Elikagai Bankuak herririk herri sortuta dauden elkarteen laguntza behar izaten du banaketa egiteko, ez duelako herri guztietara heltzeko baliabiderik. Esaterako, Durangon JAED elkartearen bidez egiten dute banaketa. Zornotzan zegoen gabezia hori bete gura izan dute elkarteagaz.
Larreako karmeldarren jabetzakoa den Etxe Gorrian dute lokala. Lokala bilatzen zein elkartea sortzen aita Felipek asko lagundu diela esan dute. BEBtik hilean behin jasotzen duten elikagai kantitateaz gainera, herrian janaria batzeko deialdiak egiten dituzte: “Herritarren erantzuna itzela da”, adierazi du Ianire Cutillas ASAko kideak: “Batzuetan kalean geldiarazten gaituzte laguntzeko zer egin behar den galdetzeko”.
Elkarteko kideak astean hirutan egoten dira Etxe Gorrian: astelehenetan eta eguaztenetan, 10:00etatik 12:00etara, eta eguenetan, 14:00etatik 16:00etara. Gainera, herriko hainbat establezimenduk elikagai bilketan laguntzen diete: janaria ematen diete (Boroa eta Propi jatetxeek, esaterako) eta janaria batzeko guneak eskaintzen dizkiete (La Viña tabernak, Maran kirol-dendak eta Garamendi arrandegiak, esate baterako).
Baina laguntza jaso ahal izateko, bete beharreko baldintza batzuk daude: familiak hilero duen diru-sarrera kontuan hartzen da, eta Zornotzan erroldatuta egotea nahitaezkoa da, adibidez. Hileroko banaketa antolatzerako orduan umeen beharrak asetzeari “arreta berezia” ipintzen dio ASAk: esnea, haur-oihalak… Esaterako, hilean 600 litro esne behar izaten dituzte, eta, oraingoz behintzat, kantitate hori batu izan dute. Beraz, aldikako bilketa horiek BEBtik jasotzen duten kopurua osatzeko balio izaten du.
Sare sozialen bidez, duenak ez duenari laguntzeko
Acción Social Amorebieta elkartean dabiltzan kide batzuek beste ekimen solidario bat ere garatzen dute: Zornotza Comparte. Helburua bera da: duenaren eta ez duenaren arteko zubi lana egitea. Kasu honetan familiei sortzen zaizkien behar materialak (altzariak, adibidez) asetzea da xedea. Zubi hori izen bera duen Facebookeko orrialde baten bidez egiten dute.
ASA elkartearen aurretik sortu zuten mugimendua, aurtengo otsailean. Baina gaur egun “lehentasuna” ASAko elikagai banaketari ematen diotela adierazi du Leire Fernandez elkarteko kideak; hala ere, eskaerak heltzen zaizkien heinean, bide horretan ere lanean jarraitzeko asmoa dute.
Izan ere, sarritan elkartearen laguntza jasotzen duten familiak dira eskaeren egileak. Sare sozialetako orrialdea sortu zutenetik hamabi bat familiari laguntzeko aukera izan dute. Haurrentzako sehaskak, arropa, garbigailuak, haurren logelak janzteko altzariak… Euren lanari eta herritarren elkartasunari esker, askotariko beharrei irtenbidea emateko modua izan dute orain arte.
Funtzionatzeko modua erraza bezain eraginkorra da. Familiaren batek eskaera egiten dienean, euren Facebook orrian ematen dute horren berri, eta, ondoren, herritarrak eurekin hartu-emanetan jartzen dira. Biltegia janariz beteta dutenez, jasotako laguntza egunean bertan ematen saiatzen dira. ASAren deialdien berri emateko ere erabiltzen dute Facebook orrialdea.