ACBn jokatu duen Ander Garcia fitxatu du Zornotzak

Anboto 2014ko uzt. 14a, 16:16
Ander Garcia jokalaria (Argazkia: Diario de Arousa)

Gazte mailako adina zuela Baskoniagaz debutatu zuen.

 

Ander Garciak (Bergara, 1989) Zornotza saskibaloi taldeagaz jokatuko du datorren denboraldian. Galiziako Cambados taldetik dator, eskolta postuan jokatzen du eta 1,92 metroko garaiera du.

Klubaren ustez jokalari “konpletoa” da: “Puntuak sartzeko gaitasuna du, azkarra da, baloia ondo maneiatzen du eta kanpoko erreboteetan laguntzen du; oro har, taldeari alderdi denetan lagundu diezaioke”, definitu du klubak fitxaketa berria.

Gaztea den arren ibilbide luzea du saskibaloian. Bergarako saskibaloi taldean hasi zen jokatzen eta kadeteetan Baskoniara joan zen. 18 urte zituela, lehen taldeko dinamikan sartu zuten. Fuenlabradaren kontra egin zuen debuta ACBn eta, ondoren, ligako beste partidu bitan eta Euroligako lautan ere parte hartu zuen. Baskoniak liga eta Superkopa irabazi zituen urte hartan.

2008-09 denboraldian Baskonia utzi eta hurrengo hiru denboraldietan beste hainbeste taldetan aritu zen. 2010-11 denboraldian Caja Laboral taldera itzuli zen, baina ez zuen asko jokatzeko aukerarik izan. Ondoren, Zilarrezko Adecco ligan aritu zen lehenengo eta EBA mailan ondoren, Oñatiko taldeagaz. Orain urte bi EBAko aurreneko tokian geratu zen taldea eta Garcia ligako bigarren saskiratzailerik nagusiena izan zen (19,5 puntu) eta MPV saria eskuratu zuen. Iaz Zilarrezko Adecco Ligako Cambados taldean aritu zen, baina lesioen ondorioz ez zuen jarraikortasunik izan.

Zornotza saskibaloi taldea datorren urteko taldea egituratzen dabil apurka. Oraintsu, Ibon Carreto jokalariak kontratua berritu du Zornotzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!