Ibon Carreto, saskibaloi jokalaria: "Hurrengo denboraldian aurtengoa hobetzen edo berdintzen saiatuko gara"

Anboto 2014ko uzt. 12a, 09:45

Ibon Carreto (Durango, 1985) hegal-pibotak Zornotza Saskibaloi Taldean jarraituko du, gutxienez beste urtebetez. Iaz Zilarrezko mailako Adecco ligako saskiratzaile nagusia izan zen, eta balorazioan ligako bost jokalari onenen artean sartu zen. Beraz, Zornotzak taldeko izar nagusiari eustea lortu du, eta datorren denboraldiari begira egituratzen dabiltzan taldeko zutarri nagusienetakoa izango da.

Negoziazioak “arin” joan dira, Carretoren ustez; aste bi iraun dute, eta “oso pozik” dago akordioa lortu izanagaz. Normala zen moduan, hainbat eskaintza izan ditu mahai gainean: esaterako, Frantziatik bakarrik hiru-lau, maila bat goragoko taldeetatik. Zornotzan geratzeko hainbat faktore hartu ditu kontuan: “Lana, neska-laguna eta familia hemen ditut. Gainera, dagoeneko urte asko eman ditut kanpoan jokatzen”. Klubagaz ere gustura dago, “betidanik etxekoa banintz bezala tratatu nautelako”. Jokalari lez Tabirako Baquen hezi ostean, Donostian eta Lugon (Galizia) urte bana eman zituen EBA mailako taldeetan, eta, ondoren, beste hiru urte Logroñon (Errioxa, Espainia), Zilarrezko mailako Adecco ligako talde batean.


“Urtea opari bat izan da”
Aste batzuk joan dira denboraldia amaitu zutenetik. Aurreikuspenak hautsi, eta igoerako playoffa jokatu zuten; marea berdeari urte gogoangarria eskaini zieten: “Joandako denboraldia opari bat izan da denontzat. Mailari eustea genuen helburu, eta playoffetara sailkatzea lortu dugu. Hori guztia denboraldi honetan lesio asko izan ditugula kontuan hartuta”.

Bere errendimendu handiaren gakoak “konfiantza eta esperientzia” direla uste du: “Jokalari bat konfiantzagaz dagoenean, dena ondo irten ohi da”.


Egindakoak klubaren historiarako geratuko dira, baina orain aurrera begiratzeko unea da. Datorren denboraldiari begira muga oso goian ipini du: “Aurten ezin du helburu izan mailari eusteak. Hurrengo denboraldian aurtengoa berdintzen edo hobetzen saiatuko gara”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!