Hamar urtean lehenengoz Ondasun Higiezinen gaineko Zerga igoko dute

Anboto 2015ko aza. 13a, 12:01
Otxandion atzo egindako udalbatzarreko irudia

Igoera 0,1ekoa izango da. Udaleko zerga eta tasetan gizarte-politikak aplikatzen saiatuko dira igoera hori konpentsatu eta gutxien dutenei laguntzeko. 

Atzoko udalbatzarrean 2016ko zerga eta tasa batzuk erabaki zituzten. Hain zuzen, igoera baremoak Bizkaiko Foru Aldundiak zehazten dituen hiru zerga eztabaidatu zituzten: OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga), Ekonomia-jardueren gaineko Zerga eta Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gainekoa. Gainerako zergak eta tasak, igoera baremoak udalak bere irizpideen arabera zehazten dituenak, datorren hilean eztabaidatuko dituzte. Horrela, “gaia gehiago enfokatzeko denbora” irabaziko dutela adierazi zuen Urtzi Armendariz alkateak: “Ideia orokorrak baditugu, baina gehiago zehazteko denbora behar dugu”. Besteak beste, zaborren gaineko tasa orduan erabakiko dute.

Atzo Ondasun Higiezinen gaineko Zerga 0,1 igotzea erabaki zuten aho batez: 0,8tik 0,9ra; hiri lurretan zein landa lurretan. Bi arrazoi eman dituzte. Batetik, azken hamar urteetan igo ez den zerga izan da: “Krisiko garairik gogorrenean bere horretan mantendu da”. Orain igo arren, “uste dugu udaleko zerga eta tasetan gutxiago dutenei gehiago laguntzeko gizarte-politika aplikatzen bada igoera hori konpentsatu daitekeela”. Bestetik, “Bizkaian Otxandioko tamainako herriek duten batez bestekora hurbiltzen saiatu gura dugu”, alkatearen berbetan. Bizkaiko batez besteko zerga 0,9koa da hiri lurretan eta 0,98koa landa lurretan.

Ibilgailuen %90ak zerga igoerarik ez

Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan aurreko legegintzaldiko filosofia jarraitu dute: zaldi fiskal gehien dituzten ibilgailuen jabeei —teorian gama altuko autoak, behar basikotik gorakoak— gehiago kobratzea. Horrela, 13,99 zaldi fiskalera arteko autoei ez diete zergarik igoko; 14 zaldi fiskaletik gorakoei, ordea, bai. Kopuru horretatik gorakoak hiru mailatan banatuta daude: 14tik 15,99ra artekoei %2 igoko diete (3,5 euro); 16tik 19,99ra artekoei %2,5 (4 euro) eta 20 zaldi fiskaletik gorakei %3 (7 euro).

Igoera honek Otxandioko Udalean erregistratutako autoen %10ari eragiten diola azaldu zuten: 40-50 autori gutxigorabehera. Gainerako %90ari (500 bat auto) zerga bere horretan geratuko zaio hirugarren urtez jarraian.

Autobusen eta kamioien gaineko zergak mantendu egingo dituzte.

Ekonomia-jardueren gaineko Zerga bere horretan

Azkenik, Ekonomia-jardueren gaineko Zerga bere horretan mantentzea adostu zuten: 1,60. Zerga honek ez du igoerarik izan azken bost urteetan. Bi milioi eurotik gorako fakturazioa duten enpresei kobratzen zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!