Auzo konposta egiteko gunea egokituko dute Otxandion, Indusibide kalean

Anboto 2015ko aza. 4a, 11:15
Samartoi kaleko parke honetan egokituko dute auzo konposterako gunea, datozen egunetan.

Azaroan zehar, hondakin organikoekin auzo konposta egiteko proiektu pilotu bat martxan jarriko dute. Indusibide kaleko landa batean, Letxeriena lez ezagutzen den eraikinaren inguruan, auzo konposterako gune bat egokituko dute datozen egunetan, eta 30 bat bizilagunek parte hartuko dute auzo konpost egitasmoan, aurretik ikastaro bat eginda. Datorren astean zehar, behin konposterako gunea muntatuta dagoenean, Letxeria inguruan bizi diren herritarrekin hartu-emanetan jarriko dira konposta zelan egin azaltzen duen ikastaroaren eguna eta ordua zehazteko.


Herri-ola herrigintza egitasmoko Zero Zabor batzordetik irten den ideia da, eta udalak bidea eman dio. Bere sasoian, ehun bat herritarrek erakutsi zuten konposta egiteko interesa –auzo konposta zein nork bere etxean egitekoa— . Aurten, ezin izan dute proiektu osoa martxan jartzeko diru-laguntzarik lortu. Baina, proiektu estrategikotzat daukate, eta, horregatik, diru-laguntzak eskatzeko epe berria heltzen den bitartean, auzo konpostaren proiektu pilotua abiatzea erabaki dute.

Zaborren prezioak gora
Konposta egiteak, ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, arlo ekonomikotik ere garrantzia hartu du azken hileetako jazoeren ostean. Izan ere, Otxandion sortutako zaborra kudeatzeak eragiten duen kostua handitu egin da.

Otxandiok Arabako Gorbea Partzuergoaren bidez kudeatzen du zaborra, eta Gasteizko zabortegi batera eramaten dute. Aurten arte, zabor dena bereiztu barik botatzen zuten han. Orain, Gasteizko udalak zaborra aurretik bereiztera behartu du. Gasteizko beste planta batean egiten den prozesu horrek zaborraren kudeaketa-gastua handitu du. Hori gutxi balitz, planta horrek kudeatzen duen tona bakoitzeko kobratzen duen prezioa igotzeko asmoa erakutsi du. Beraz, sortutako zabor kantitatearen %50 hondakin organikoarena dela kalkulatuta, konposta egitea zaborraren kudeaketa-gastua jaisteko estrategia ere bihurtu da.

Zaborraren kudeaketa garestitzeak udaleko ordenantza fiskaletan arlo horretako tasa gehitzea ekarriko du, seguruenik. Hil honetan egingo dute ordenantza fiskalen udalbatzarra: “Inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuko gara”, dio Urtzi Armendariz alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!