Santamañetan Luzia Urigoitiari egindako omenaldiaren harira atxilotu dituzte gazteak, Eloy Velascok aginduta. Otxandioko alkateak gaztetxeko miaketa amaitu berritan azaldu duenez, atxilotuak ondo daude: "Urduri, normala den moduan, baina ondo". Gaztetxe guztia miatu eta Guardia Zibilek presoen hiru argazki eroan dituztela kontatu du Armendarizek: "Esan dute berez ez direla Otxandiora bueltatuko".
Otxandiotik Tres Cantos komisariara eroan dituzte Aitor Uribe, Asier Duran eta Miren Soloeta. Amaiur Lopez de La Calle Txagorritxuko ospitalera eroan dute, azterketa txiki bat egitera, baina ondo dago. Habeas Corpus-a eskatu du.
Goizaldeko 05:50ean hasi da operazioa, eta Guardia Zibilak 10:20an sartu dira gaztetxera. Miaketan, atxilotuez gain, Urtzi Armendariz Otxandioko alkatea eta Enrike Alaña udal idazkaria gaztetxe barruan daude, eraikina udalarena delako.
Hainbat herritar hurreratu da gaztetxe ingurura, baina ezin dira asko hurbildu, gaztetxea zigilatuta dagoelako, eta Guardia Zibilen hamaika furgoneta daudelako bertan. Herritar batzuek esan dutenez, kalez jantzitako polizien presentzia igarri dute azken egunetan.
Gazteei azaldu dietenez, terrorismoa goratzea egotzita atxilotu dituzte. Asier Duran Iurretan atxilotu dute, bere lantokian. Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de la Calle, aldiz, Otxandion, lanera bidean, 07:30ak aldera. Hala Bedi irratiak esan duenez, Lopez de la Callek Habeas Corpus-a eskatu du.
Luzia Urigoitiari uztailaren 25ean egindako omenaldian parte hartzeagatik atxilotu dituzte hiru gazteak. Lutxi Urigoitia 1987an hil zuten Pasaian (Gipuzkoa). ETAko kidea zelakoan bera zegoen etxe batean sartu ziren Guardia Zibilak eta han hil zuten Urigoitia. Urigoitia Eusko Jaurlaritzak alkateei emandako biktimen zerrendan ageri da.