Profesionaletarako atea den Biharko Izarrak txapelketa eguenean hasiko da

Anboto 2015ko ots. 24a, 12:37
Pilotariak, atzo iluntzean Trabakua Behekoa jatetxean egin zuten aurkezpenean (Argazkia: Julen Uribe)

Asteon hasi eta ekainera bitartean afizionatu mailako pilotaririk onenetakoak Mallabian batuko dira eguen gauetan. Parte hartuko duten 24 pilotarietatik Aitor Elordi mallabiarra da Durangaldeko ordezkari bakarra.

Aurten 12. aldia beteko duen txapelketa atzo aurkeztu zuten Trabakua Behekoa jatetxean.

Azken asteetan deiak jaso eta jaso aritu dira antolatzaileak Carlos Garciaren esanetan, baina denentzako tokirik ez eta, urtero legez, hautaketa bat egin behar izan dute. Bizkaiko Pilota Federazioko presidente Jose Manuel Fuentesen ustez Biharko Izarrak dagoeneko “erabat finkatuta” dagoen txapelketa da eta bertan parte hartu izan duten 21 pilotarik ondoren profesionaletarako saltoa eman dutela gogoratu zuen. Euskadiko Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregik antolatzaileen lana eskertu zuen, besteak beste. Betearte enpresako eta udaleko ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean. Bilduko Unai Uzuriaga zinegotziaren esanetan, “azken lau urteak ez dira errazak izan, baina diru laguntzak mantentzeko ahalegina egin dugu”.

Hamazortzi  jardunaldi
Eguenean, 21:15ean hasita jokatuko dira txapelketako aurreneko bi partiduak: Peña eta Aizpitarte, A.Etxebarria eta Lasaren kontra, eta Agirre eta A.Imaz, Elordi eta Erasunen kontra. Ekainera bitartean eguenero —zapatu batzuetan ere bai— izango dira jardunaldiak.

Durangaldeak ordezkari bat du aurten: Iurretako Pilota Eskolagaz ari den Aitor Elordi. Orain urte bi lau t’erdikoan parte hartu zuen, iaz binaka estreinatu zen eta aurten errepikatu egingo du.  Promesarik onenak batzen dituen txapelketan “pausua bat aurrera” ematea izango du helburu 18 urteko mallabiarrak. Gainera, etxean jokatuko du: “Herritarren aurrean jokatzea pozgarria da, baina beti izaten da tentsio puntua partidu ona jokatu gura delako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!