Mendiko lasterketetan taldeko lana ez da hain garrantzitsua izaten. Zapatilak jantzitakoan, bakarkako lana da egin beharrekoa, batez ere. Baina taldearen babesa sentitzea eta taldekideekin gustura egotea ezinbestekoa da.

Nik neuk behintzat hori bizi izan dut Euskal Selekzioan egon naizen urte guztietan, eta oroitzapen ezin hobeak ditut. Hasierakoak, Kepa Larrea, Arkaitz Zamakona, Iker Karrera, Zuhaitz Ezpeleta, Jokin Lizeaga, Eneko Aliende eta Marta García lagunekin, besteak beste; gero, Elena Calvillo, Aitziber Ibarbia, Hassan Ait Chaou, Uxoa Irigoien taldekideekin...; eta nire azken txanpan Mayi Mujika, Maria Zorroza, Ander Iñarra... selekziokideekin. (Denak ezin aipatu, zorionez zerrenda luze-luzea da eta). Beti esango dut Euskal Selekzioan bizi izan dudana errepikaezina dela eta ez dudala inoiz ere ahaztuko.

Baina denon kirol ibilbidean aldaketak gertatzen dira, bizimoduan gertatzen diren moduan, eta beste bidezidor batzuk ere ezagutu nahi izan ditut. Merrell taldearen gonbidapenari baiezkoa eman eta taldekide berriak ditut orain. Baina, funtsean, nire bizimodua ez da askorik aldatu, mendiko korrikaldiei eta lasterketei dagokienez behintzat. Hori bai, desberdina da taldekideak betikoak izatea, euskaldunak, gertukoak, edo oraingo moduan bakoitza Europako punta batekoa izatea. Ez hobea, ez txarragoa, desberdina. Ezezagunagoak izatera, premiazkoagoa da lantzean behin elkartzea, tratu zuzena izatea, talde bat garela sentitzea, taldean babesa eta berotasuna sentitzen ez badira ez duelako merezi talde batean egotea.

Taldekideok Gran Canarian elkartu gara asteburuan, elkar hobeto ezagutzeko eta gure arteko harremana estutzeko, eta indarberrituta etorri naiz. Beti dago zer ikasi elkarrengandik, eta beti da interesgarria beste kultura batzuetako jendearekin egotea. Eta, bide batez, Shakespeareren hizkuntza praktikatzea, nahiz eta nahi baino ostikada gehiago eman. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!