Martxoak 8 dela-eta, egunotan Euskal Herrian eta mundu osoan ekimen ugari izan dira emakumeak gizartean dituen papera eta garrantzia aldarrikatzeko. Nik, emakume kirolari gisa, Bilbon AEK-k ikasleentzat antolatutako mahai-inguru batean hartu nuen parte. Bertan, lau neska kirolari elkartu ginen: Atheticeko Ane Bergara futbolaria, Arkote taldeko Matxalen Zapirain arraunlaria, Maider Unda borrokalari ohia eta ni neu.

Ikasle mordoaren aurrean, bakoitzak gure kirolari buruz hitz egin genuen, eta, besteak beste, kirolean emakumeen eta gizonen artean dagoen aldea jorratu genuen. Matxalenek kontatu zigun arraun munduan alde itzela dagoela nesken eta mutilen artean, sari ekonomikoak askoz baxuagoak direla emakumeen kasuan, eta neskek egin beharreko distantzia zeozer laburragoa izaten dela, ekitaldia gehiegi ez luzatzeko (jendea aspertu egiten ei da). Futbolaren kasuan, ondo dakigu denok zein nabarmena den aldea. Maiderrek kontatu zigun emakume bat borrokan ikustea oso arraroa zela lehenago, gizonen kiroltzat hartzen zela, baina, zorionez, gaur egun nahiko parekatuta daudela biak. Mendiko lasterketetan, nik ezagutu dudanagatik behintzat, ez da inoiz alderik egon. Neska zein mutil, kilometro kopuru berbera egiten dugu, sariak berdinak dira eta berdin animatu gaituzte beti. Neska gutxiago gaudela da alde bakarra, baina ziur nago denborarekin neska gehiago animatuko direla.

Oraindik lan handia dago egiteko kirolean berdintasuna lortzeko, baina, zorionez, apurka bada ere, pausoak ematen ari gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!