Ondo ez

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2022ko ira. 30a, 09:28

Ezagutzen dudan inor ez dago ondo. Itxuraz batzuk bai, baina estetika ez da egia. Ezin ondo gaudela esan.

Politikariak, kirolariak, ezagunak, maitaleak, lagunak, familia kontsideratzen dituzunak eta zu zeu ere; bai, zu ere izan zara hautsita edo haustetik urrats erdira. Bestela, orekari trebeenen pare, urrats eta erdira: kirola egunero, terapia hilean behin, urrutira bidai bat urtero, eta astero alkohol/janari/like/match/MDMA/hardcorepunk/sexu/fikzio/apustu/erronka/arropa/nahi dena eskape gisa. Hori nahikoa ez denean lorazepam mingain azpira.

Garai bateko heroinaren pare zabaltzen ari da gaur antsiolitikoa. Lasai denok, anestesista ere anestesiatuta dago hemen.

Orain lorazepam.

Gero kafe bat.

Segidan irakurri duzu psikiatra baten elkarrizketa: kendu biak, anestesia eta estimulua.

Zentzurik ez duen eguneroko frenetiko bat daramagu, gorputzak ezetz egiten digu garrasi —eta demanda—, baina guk eustea dugu helburu. Eustea irautearen sinonimo gisa.

Irautea edo krak.

Ez gaude klinikoki gaixo definizioen ugazabek diotenez. Ondoezak jota bizi gara ordea, eta egonezin horrek ez digu uzten bizitzak eroso bizitzen. Ez eusten, baizik eta lasai bizitzen.

Konplexua da sintomatologia eta sistema konplizea.

Has gaitezen ezagutzen (ez) ditugun guztiekin hitz egiten, partekatzen, zabaltzen. Konektatu jendearekin. Hortik baino ez da etorriko norbere&denon enpresa aldaketa. Baldintzak aldatzea da dagokiguna.

Bizitzea edo krak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!