Bakarrik bizi garenon kluba

Bizikidetza unitatea = 1.
Bizikideak = 1.
Isolamendua erabatekoa.
Ongi etorri bakarrik bizi garenon klubera.

Isolamendu sentsorialak garuna atrofiatzen du. Ez diot nik, neurologoek eta psikiatrek frogatutako tesia da. Eta ez itzazue garunak ustezko adin-tarte babesgarriagoen eskala asmatu baten arabera mailakatu: umeak, nagusiak, nerabeak, helduak. Ez al gara denok pertsonak? Ez al gaude denok elkarlotuta?

Bada azken aldiko errelato kolektiboen artean inon irakurri ez dudan talde bat, hau ere ezinbesteko ahots bat pandemia honen kontakizun anitza osatzeko: bakarrik bizi garenon kluba. Osasuntsu gaude. Lanerako izaki funtzionalak gara. Helduak. Autonomoak. Etiketa gehiago gabe, zaurgarriak bere horretan.

Pertsonala eta politikoa den titular bat opari: «Udaberriko itxialdia gogorra izan baldin bazen, udazken hau are gogorragoa izaten ari da». Ordena berriak hartu ditu kaleak oharkabean. Konturatzerako bikoteak bikoteekin batzen dira. Umedunak umedunekin. Bakarrik bizi garenok bakarrik bizi garenokin.

Pertsonala eta politikoa den spoiler bat aldarri: singularrok ez dugu soilik singularrez osatutako plural bat nahi.

Negua igaro aurretik familia eredu tradizionalaren indartzeaz hitz egin nahi dugu. Salbuespen egoera honen ondorioz gero eta indartsuago bihurtzen ari den normatibitateaz. Diskurtsoez eta praktikez.

Garai aproposa da harremanen eraikuntza tradizionala zalantzan jarri eta beste modu batera saretzeko. Paretik. Elkar zaintzeko. Mandatu berriak praktikara eroateko.

Batzuoi ahaztu egiten zaizue, agian zuen konpainien burbuiletan babestuta erosoagoa delako, baina hemen denok osatzen dugu bakarrik bizi garenon kluba.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!