Telebista piztu nahiko nuke

Laino ilunak badoazen urte sasoi honetan, negua ez dela horren gogorra izan aditzen dugu han-hemen; aldiz, txantxangorriaren txertoak ere ez gaitu gripe kronikotik salbatu.

Duela egun batzuk, Nafarroan ETBren emisioa eteteko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Erasoa kanpotik. Aste berean, Durangaldeko euskal hiztunak espainieraz aditu ditut (berriro ere) Teleberrian. Erasoa etxetik.

Baina guri bost, ezta? Hemen inork gutxik pizten du ETB. Etxekoago ditugu bost, sei, lau edo bat. Hala diote audientziek.

Lasai gaude. ETB1ek Frantziako tourra eskainiko digu euskaraz, eta pilota, baita herri kirolak ere, edo ausardia pittin bat erakutsita, Asko Maite Zaitut esaten irakatsiko digu bihotzik gabeko herritarroi. Programazio paregabea.

Zuek topo egin al duzue kalean, dirua eskatzeko euskal hiztunon enpatia baliatzen duen iruzurgilearekin? Neuk momentuz ez, baina antenan agurtzen dut ia egunero. Izan ere, zer eskaintzen digu telebista publikoak gaur egun? Ez da gai izan Super Bat ikusiz hezi ginen belaunaldiari eusteko ere. Eta guk, umetan, telebista euskaraz soilik mintzo zela uste genuen.

Hizkuntza da bizi dugun munduaren margoa, eta zuri-beltzaren alde egin du ETBk. Bada, datorrela udaberria, polena bezala zabal dadila euskararen taliban frontea: alergia eragin dezala, doministiku, muki eta malkoz beteriko begi gorrien artean erne dadila uda. Euskararen hego haizeak margotu dezala urtaroa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!