Berezkoa ala ikasia?

Erabiltzailearen aurpegia Juanito Gallastegi (Abadea) 2015ko urt. 9a, 08:45

Ba ote da gauza politagorik Olentzerok edo Erregeek ekarritako jostailuekin umeak, pozarren ari direla, jolasten ikustea baino? Atseginaren atseginez adurra dariela ikusten ditut urtero hainbeste eta hainbeste guraso beraien umetxoen jolasei begira. Neskatotxoek era bateko jostailu batzuk eskatu eta eskuratu dituzte; mutikotxoek, ordea, beste era bateko batzuk. Jolasak ere batzuk mutikoentzat bakarrik dira, eta neskatoentzat soilik beste batzuk.


Ez da ezberditasun hori umeengana eta umeen ohituretara mugatzen. Beste horrenbeste gertatzen da adin guztietakoekin ere, nahiz eta azken hamarkadetan aldaketa izugarria izan berdintasunerantz.

Zergatik dituzte atsegin eta egiten dituzte hobeto mutikoek jolas batzuk eta neskatoek beste batzuk? Zergatik, oraindik, nagusien artean ere hain portaera ezberdinak gizakume ala emakume izan?

Elkarren aurkakoak diren eta sarritan entzun ditudan bi erantzun ezberdin datozkit bat-batean:
“Berezkoa da hori, izadiak berak sexuaren arabera jarritakoa. Gizonak gizon eta emakumeak emakume, eta kito!”.
“Bai zera! Hori ez da berezkoa, ohiturek, giza-legeek, giza-irakatsiek, beti ikusitakoek, zer ikusi, hura ikasi-k eragindakoa baizik!”.

Nik neuk, neurri handi batean behintzat, ikasiarena eta ohiturarena dela uste dut, ez izadiarena edo naturarena, baizik eta kulturarena. Mutil artean bakarrik hazi eta bizi izan den neskari igarri egiten zaio inoiz. Eta ez ote da nabarmena, hau ere inoiz, neska artean bakarrik bizi eta izan den mutilarena? Bidezkoa!

Nahiz eta ikusitakoak, bizi izandakoak, kulturak… zerikusi handia izan, horrena bakarrik ote da?
Izan ere, bestetik, jaio orduko geneek ere gero eragin handia izan dezaketela omen diote jakitunek. Beraz, zerikusirik ote du izateak berak, berezkoak, naturak?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!