Balantza zalantzan

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Garaizabal (Irakaslea) 2015ko eka. 19a, 08:30

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak lehenengo atalean hau esaten du: Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira eta duintasun eta eskubide berberak dauzkate.


Baina berdintasuna neurtzen duen balantzak aspaldian badauzka nahikoa zalantza.

Europar batek Afrikako herri batera joan nahi izango balu, ez luke arazorik izango. Ez litzaioke gauza bera gertatuko hango bati Europara etorri nahi izango balu.

Europarrek lasai-lasai ustia ditzakete Afrikako ondasunak. Kongoko Errepublika Demokratikoan 1997tik gaur arte koltana lortzeko sortu duten gerran lau milioi pertsona hil dira. Imajinatzen duzue kongoar bat Europako edozein herritan edozer gauza ustiatzen?

Balantzak dantzan, zalantzan jarraitzen du.

Agintariek agintean mantentzeko armadak eta poliziak dauzkate. Armadak eta polizien armak agintzeko eta ingurukoak beldurtzeko besterik ez dira.

Mexikon 43 ikasle desagerrarazi dituzte. Zer egin dute Europako agintari demokratiko guztiek eta herriaren zerbitzura leudekeen armada eta poliziek?

Gurari garrantzitsuenak ezin ditugu erabaki, lege santuak horrela diolako. Gerraren bidez hartutakoa, sakratua, mugiezina da. Boterearen iruzur basatiak gozotasunez tapatua eta isildua dirau demokratikoki aukeratu ditugun politikoei esker.

Hau guztia gertatzen den bitartean, gu isilik, mutu.

“Balantza, norantza, zalantza, / balantzaren orratza, / orratzaren dantza, / bilintzi-balantza, / iruzur antza. /Eta gure indarra non datza?”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!