Zer dela-eta idatzi behar du C hepatitiserako sendagaiei buruz herri bateko zinegotzi batek, informatikaria ere badenak? Bada, osasun-sistemaren egoeraz kezkatuta nagoelako, eta C hepatitisa duen lagun bat dudalako.

Ez da harritzekoa gaixotasun hori duten pertsonak ezagutzea, Euskadin 20.000 gaixo baitaude, gaixo bat ehun laguneko.2011tik hona, hainbat sendagai ematen dira, genotipoaren arabera. Sendatzeko indizeak %70 inguruan daude, baina albo-ondorio ugari dituzte. Orain, azken belaunaldiko antibiral berriak atera dira merkatura. Kasuen %90ean sendatzen dute gaixoa, eta, gainera, ez dute albo-ondoriorik, eta emateko errazak eta egokiak dira genotipo guztietarako. Hau albiste ona, hau bai poza! Arazo bat baino ez dute: prezioa.

Euskadi da sendagai berri hau ematen duen autonomia erkidego bakanetako bat. Hala ere, ez zaie gaixo guztiei ematen. Larrialdiaren arabera, 20.000 gaixoetatik 25ek baizik ez dute jasotzen. Jainkoarren! Eta gainerako 19.975 gaixoak? Gainerakoei sendagai zaharkituak ematen dizkiete. Oso sendagai toxikoak, ez hain eraginkorrak, baina askoz ere merkeagoak. OMC Medikuen Elkargoko Erakundeak salatu du azken belaunaldiko sendagai berriak merkaturatzen dituzten farmazia-laborategiek finkatzen dituzten prezioak neurrigabekoak eta bidegabeak direla, eta ohartarazi du horrek finantza-kolapsoa sorraraz dezakeela, Osasun Sistema Nazionala suntsitzeko modukoa. “Diru-gose hutsa da, ez bada osasun-sistemak suntsitu nahi direla”, adierazi du OMCko presidenteak. Zer-nolako jendartean bizi gara? Non dago osasun publikoa eta unibertsala? Zein motatako politikoak ditugu agintean?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!