#Abortu legala #AbortoLegal

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2014ko urt. 31a, 08:23
2012. urtean, bat egin genuen Decidir nos hace libres adierazpen feministarekin, PPk izan ezik alderdi guztiok onetsi genuen mozio baten bidez. Orain, berriz, eredu atzeratu batera eraman nahi gaituzte, emakumeon oinarrizko eskubideei aurrez aurreko erasoa joz. Oso auzi larria denez, gure ustez, alderdi gehienek bat etorri beharko genuke arazo honetan.

 

Atzo beste mozio bat aurkeztu genuen, bat etortzeko eta beste urrats bat egiteko asmoz, baina ezinezkoa izan zen. Pena da, baina badirudi batzuei borroka politikoa nagusitzen zaiela.

 

Gaur egun, zalantzan jartzen ari da abortatzeko eskubidea, eta hori ez da halabeharrez gertatu. Eraso ideologiko, dogmatiko eta atzerakoi bat dago horren azpian; ideologia horrek ezartzen du zein izan behar den familia-eredua eta emakumeok zein eginkizun bete behar dugun eredu horretan. Egun batetik bestera, murrizketak egiten ari dira zerbitzu publikoetan, eta, horren ondorioz, orain arte estatuak zaintza- eta ugaltze-arloan bere gain hartzen zituen zereginak alde batera uzten ari dira. Zama hori emakumeen bizkar erortzen ari da gehienbat, estatuak betetzen ez dituen disfuntzio horiek beren gain hartzeko “betebeharra” dutelako. Abortatzeko eskubidea berriro zalantzan jartzean, “amaren rola” ezarri nahi digute berriz emakumeoi, eta indarra eman nahi diote emakumeok jendartean dugun zeregin eta “xede nagusia” zehazten duen ideologiari.

 

Orain arte, desberdintasunak zeuden abortatzeko sarbidea izatean, eta, hartu nahi dituzten neurrien bidez, handitu egingo dira desberdintasun horiek. Izan ere, horrelako lege murriztailerik ez duten herrialdeetara joateko behar adina baliabide ekonomiko duten emakumeak izango dira segurtasunez abortatu ahal izango duten bakarrak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!