Maite Artabe zornotzarra "Airea lurrari " izeneko bere sorkuntza lana irakurtzen Hitzez eta Ahotsez V. Jendaurreko Irakurraldian, maiatzaren 4an. Plateruena Antzokian.

Airea lurrari.

Antzinako zaldunek lurra musukatu eta jan egiten omen zuten

erori eta hiltzeko zorian zeudela ohartzean,

Lurrari eskerrak eman eta bere altzoan bakean har zitzan.

Ez nau neu erraz harrapatuko lur-jate horrek, umetatik jatun aparta izan banaiz ere.

Esaten zuen amak jantzi egiten nuela mahaia nik.

Badakit ez nauela geofobiak sendatuko, aukeran hobeto antzinako gudari mexiken txokolate iluna.

Lurzoruan zorabiaturik aurkitzen banauzue utzi Santa Agedako makilak bertan behera, erabili Valentziako abanikoaren aire fina konorteratzeko.

Lotsaren kaltetan, Lurrak neu irenstea baino gustukoago nuke azal ilundunen batek irentsiko banindu hego haize boladaren baten.

Plazer handia dut lurrean etzanda egotea erreka hegaleko zelaian, baina ez ahuspez, zentrimetro karratu hori besterik ez balego bezala;

ahoz gora, ostera, mira eginda begiratzen diot arranoaren hegaldi dotore, bakartiari.

Lur bustiaren usainak baretu egiten nau, umetako gogorapenak dakarzkit:

Barrenengoko artasoroaren usaina, armonia barrundatzen dut;

baina pinudietako airearenak osatu, bizipozez bete, sexu-grina ernarazi.

Lur gorrien edertasunaren parean sormena pizten zait,

pozarren pintatuko nuke nire koadrorik fauvistena hantxe bertan;

baina gerizpetan egonean

haizeak orriak nola mugitzen dituen lurretik ikustea lako nirvanarik ez dut ezagutzen.

Lurrean ditut oinak baina zeruari begira kantatzen dut Txoria txori

… urak ahotsa galarazoten ez didanean, behintzat.

Horrelakoetan, ito beharrean nagoenean, jarridazue mendiko oxigenozko botila.

Eta azkenetan, orduan bai, gorde ondo nire airezko zaldun-ezpatak eta txokolaterako gudari- ontziak

eta emaidazue barausteko Zorrontzako lurra,

betiere ardo goxo zurrutadekin lagundua, mesedez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!