Dukanen dieta proteinen hiperkontsumoan dago oinarrituta, eta karbohidratoak ia guztiz baztertuta daude. Epe laburrean argaltzeko eraginkorra da dieta hau, organismoaren energia erreserbak erabiltzen direlako. Epe ertainean, nekea, karranpak eta idorreria sortzen dira maiz, eta epe luzean, giltzurrunak eta gibela kaltetuta gera daitezke betiko. Horiexek klinikoki aztertutako eragin sekundarioak dira: alegia, zientzia ofizialaren barruan egindako ikerketen ondorioak dira.
Ikerketa serioen emaitzak aldizkari zientifiko ofizialetan argitaratzen dira, eta, orduan, datu-baseetan daude kontsultagarri. Izan ere, osasunarekin zerikusia duten aldizkariak PubMed izeneko datu-basean daude bilduta. Ba al dakizue zenbat artikulu zientifiko argitaratu dituen Dukanek? Erantzuna atsekabegarria da: bat ere ez. Hala ere, hemeretzi liburu idatzi ditu, publiko orokorrari zuzenduak. Horien bidez aberastu egin da, eta mozkinak ez zaizkio etorri liburuen salmentatik soilik. Kontua da Dukan dietaren azken fasean, produktu berezi batzuk jatea gomendatzen dela, lortutako pisu-jaitsiera mantentzeko. Zer esanik ez: produktu horiek Dukanen enpresetan baino ezin dira erosi. Negozio biribila!
Pisua galdu nahian dabiltzanentzat aholku bakarra daukat: mirarizko dietak baztertu, eta dietistarengana jo.