Munduko Koparen atarian

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2023ko ots. 24a, 07:30

Urtero lez, otsailera hurbiltzean hastea da VI Nazioetako Txapelketa, aurtengoa 129. edizioa izango da. 2023. urtekoa berezia izango da, uda ostean, hau da, iraila eta urria bitartean Munduko Kopa jokatuko delako Frantzian. Beraz, hitzordu erabakigarria izan daiteke, bertan ipar hemisferioko taldeen egoera aztergai egongo delako, eta emaitzen arabera ezustekoak egon daitezke gerora begira.

Bigarren jardunaldia bukatu ostean kontuak argitzen doaz. Alde batetik Irlanda buruan dugu Eskotziarekin batera. Irlandarrek joko patroi argia dute, Andy Farrell entrenatzaileak talde gogorra eta indartsua eraiki du Leinster klubaren inguruan. Defentsa gogorra, melee indartsua, presioa zelai osoan eta atzean hiru laurden bizkorrak ditu, horren adibide garbiena azken 17 partidatik 15 irabazi dituela, besteak beste Hegoafrika, Zeelanda Berria (birritan) eta Australia mendean hartuz. Egun Josh van der Flierrek (2022. Urtean munduko jokalaririk hoberena izendatu izana) gidatzen duen aurrelari taldea zelaian aurki genezakeen onena litzateke.

Eskotzia dugu buruan Irlandarekin berdinduta. Horretarako Ingalaterra eta Wales mendean hartu behar izan ditu. Gregor Townsendek zuzentzen duen taldeak talentu handiko gidaria du, Finn Russell joko zabaltzailea. Eskotziak urte larregi darama hor erdi bidean, eta aurtengoa izan daiteke beraien unea. Eskarmentu handiko jokalariak ditu melean, Gray, Ritchie eta Watson, eta hiru laurdenetan Van der Merve eta Hoggek edozein partida hankaz gora jartzeko gai dira.

Frantzia genuen faborito nagusiena, Fabien Galthiek gidatzen duen XVekoa mimo handiz prestatzen ari da etxean jokatuko duten Munduko Kopa. Maila handiko jokalari dituzte Ntamack, Penaud, Fickou, Willemse, Marchand, Ollivon, eta denon gainetik Antoine Dupont izar handia. Hala ere, azken jardunaldian Dublinen galdu ondoren zaila izango dute iazko txapela berrestea, ezusteko handia litzateke Irlanda zein Eskotziak, biak kale egitea.

Ingalaterra zein Walesek beraien entrenatzaileak aldatzea erabaki zuten udazkeneko partiden ostean, eta Munduko Kopa baten ateetan aldaketak egitea ez da seinale ona izaten. Eddie Jones eta Pivacen lekuak Steve Borthwick eta Warren Gatlanden hartu dituzte. Bi taldeek, lehenengo partidetan zelaian zalantza ugari erakutsi dituzte, Ingalaterrak etxean galdu zuen Eskotziaren kontra eta bigarren partidan Italia mendean hartu zuen. Walesek ostean, bi partidak galdu ditu egungo sailkapen buruan diren Irlanda eta Eskotziaren aurka. Lan zaila dute aurretik Dragoiaren jokalariek.

Bukatzeko Italia dugu. Itxura batean talderik ahulena izan daiteke, baina nahiz eta lehenengo bi partidak galdu, Erroman jokatutako norgehiagokan Frantziak izerdi handia bota behar izan zuen italiarrak mendean hartzeko, eta Twickenhamen jokatutakoan ere itxura ederra eskaini zuten nahiz eta galtzaile suertatu arrosaren XVaren aurka. Lehenengo garaipena lortzeko aukera izan dezakete 4. Jardunaldian, etxean Wales hartzen baitute.

Esandakoaren guztiaren ostean, Irlanda ikusten dut faborito nagusitzat, sendotasun itzela erakusten ari direlako, niri Eskotziak ezustekoa ematea gustatuko litzaidake, eta Frantziak partida bat galdu ostean oso zaila du iazko garaipena errepikatzea. Hala ere asteburu honetan hasita, badira aurretik hiru jardunaldi, eta argi dago partida ikusgarriak izango ditugula, betiko aholkua gozatu eta disfrutatu errugbyarekin!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!