Munduko beste txapelketa bat

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2022ko abe. 23a, 09:00

Azken urteotan emakumezkoen kirolak sekulako jauzia eman du. Banakako kiroletan zein taldekoetan, maila esponentzialki igo da, eta jende gehiago joaten da halako ekitaldietara. Komunikabideetan jarduera hauen presentzia areagotu den arren,  oraindik ere bide luzea dago egiteko. Horren adibiderik garbiena Zeelanda Berrian urrian eta azaroan jokatutako emakumezkoen Munduko Errugbi Txapelketa litzateke. Printzipioz 2021. urtean jokatzea aurreikusita bazegoen ere, pairatu dugun COVID pandemiak urte bete atzeratzea ekarri zuen.

Argi dago, gizonezkoen futbol Munduko Kopak izan duen oihartzuna ez duela lortu, baina apurka-apurka lehiaketa hauek beraien lekua hartzen doaz. Urrian hasitako txapelketa honetan 12 taldek hartu zuten parte: AEB, Australia, Kanada, Eskozia, Fiji, Frantzia, Hego Afrika, Ingalaterra, Italia, Japonia, Wales eta Zeelanda Berria.

Honako honetan Zeelanda Berriak bere gain hartu izan du txapelketaren antolakuntza. 12 talde aritu badira ere, hasiera hasieratik lau faborito argiak ageri ziren Kanada, Frantzia, Ingalaterra eta anfitrioiak, hau da Black Ferns delakoak. Partidak goi mailako zelaietan jokatu izan dira, besteak beste Northland Events Centre eta Waitakere Stadiuma. Finalerdiak eta finala aldiz, Aucklandeko Eden Park zelai ezagunean jokatu izan dira.

Finalerdi batean Kanada eta Ingalaterra aritu ziren aurrez aurre. Hasieran irletakoek beraien erritmoa eta kalitatea erakutsi bazuten ere, kostatu zitzaien kanadiarrak mendean hartzea, eta azkenean markagailua nahiko estu joan zen 19-26 ingelesen alde. Bigarren finalerdian faborito nagusienak, Zeelanda Berria, Frantzia mendean hartzen zuen. Partida oso parekatua joan zen, eta azken minutuan frantziarrek partida esku eskuan izan zuten, baina hagetara botatako ostikoa kanpora joan zitzaien eta Black Ferns delakoak oso estu bada ere, garaipena lortu zuten 25-24.

Finala azaroaren 11n jokatu zen Aucklanden. Tentsioa giroan antzematen zen. Lehenengo Munduko Txapelketan AEBko neskek garaipena lortu bazuten ere, geroztik txapeldunak ingelesak (bi alditan) eta Zeelanda Berrikoak (bost alditan) izan dira, beraien nagusitasuna erakutsiz. Aipatu behar da, arlo honetan ere urrats garrantzitsuak eman direla profesionaltasunaren bidean, adibidez 2020. urtez geroztik larrosaren taldeko jokalariak guztiz profesionalak dira, printzipioz munduko talde bakarra, ondorioz beraiek irabazi dituzte VI nazioetako azken lau edizioak, ipar hemisferioan sekulako nagusitasuna erakutsiz.

Norgehiagokak interes handia piztu zuen, eta txapelketaren inaugurazio partidan 34.235 zale hurbildu baziren ere, edizio honetako finalean ikusleen marka guztiak hautsi ziren, guztira 42.579 ikusle bertaratu baiziren irabazlea ezagutzeko asmoz.

Partida gogorra izan zen benetan, horren adierazgarri 18. minuturako Lydia Thompson ingelesa kanporatu izan zela, Portia Woodman Zeelanda Berriko izarrari sarrera gogorra egin ondoren. Hala ere, lan erdietan nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin aritu, Ingalaterra markagailuan aurretik zihoan 26-19. Bigarren zatian etorri zen etxekoen erreakzioa eta azkenean emaitza irauli egin zuten, arauzko 80 minutuen ostean markagailuak Zeelanda Berria 34- Ingalaterra 31. Porrot honekin larrosaren XVekoak, 30 garaipeneko boladari bukaera ematen zion, artean Zeelanda Berria birritan mendea hartu zutelarik.

Txapelketa ederra, emozioz beterikoa Aucklanden bizi izandakoa, datorren urtean gizonezkoen txanda izango da, kasu honetan ipar hemisferioan, Frantzian hain zuzen ere. Honen inguruan ere, lasai hitz egiteko aukera izango dugu, dudarik ez izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!