All Blacks-en jatorria

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2022ko urr. 14a, 10:00

Askotan galdetu didate Zeelanda Berria nola izan daitekeen errugbi arloan hain esanguratsua duen biztanleria kontuan hartuta. Erantzuna ez da batere erraza, hainbat faktore sartzen direlako ekuazioan.

All Blacks taldearen ospearen jatorria kokatzeko, 1905. urtera itzuli beharko genuke. Urte hartan, abuztuaren 8an, SS Rimutaka itsasontzian igo zen All Blacksen taldea, Ingalaterran bira bat egiteko asmoarekin. Jatorri eta lanbide askotako 29 ausartek osatzen zuten espedizioa: zapatariek, meatzariek, errementariek, nekazariek, arotzek, funtzionarioek… Hilabete eman zuten itsasoan Plymouthen lurra jo arte, eta entrenamenduak itsasontziaren ontzigain edo kubiertan burutu behar izan zituzten. Guztira, 32 partida jokatu zituzten hiru hilabete eta erdian. Hala ere, lehen partidatik argi ikusi zen maori hauek ia beste kirol batera jokatzen zutela. 31 partida irabazi eta bakarra galdu zuten, Galesen aurka (3-0). Sasoiko kazetariek zioten epaileak zerikusi handia izan zuela lehen porrot hartan.

Urteberri egunean Mantxako kanala zeharkatu eta Parisko Printzipeen Parkean 12.000 ikusle bildu ziren Frantziaren eta Zeelanda Berriaren arteko norgehiagoka ikusteko. 8-38 nagusitu ziren hego hemisferiokoak. Biran beste geldialdi bat geratzen zen: Ameriketako Estatu Batuak, non British Columbiako taldeari birritan irabazi zioten, etxera bueltatu aurretik. 

Bira horretan jarri zioten talde honi All Blacks izena, baina dena txarto-ulertu baten ondorioa izan zen. Itxuraz Londresen argitaratzen zuten egunkari batean jarri nahi izan zuten "all backs", hau da, harrituta zeudela talde horretako jokalariek edozein tokian jokatzeko gaitasuna zutelako, baina akats tipografiko baten ondorioz 'all blacks' jarri zuten eta ekipamendua guztiz beltza zenez, Britainia Handiko The Express-ek eta Devoneko Echok berea egin zuten. Geroztik "All Blacks" izena zabaldu eta legenda talde bat sortu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!