Stephen Stills-ek abesten zuen Old times good times, eta ez dakit arrazoi osoa duen, baina dagoeneko Rugby Tabernak 30 urte bete ditu. 1989ko abenduaren 21ean zabaldu zituen ateak Goienkale 18an.

Taberna izan aurretik, sosak izateko eta aurrekontua atera ahal izateko, Durango Rugby Taldeak hainbat txosna jarri zituen, besteak beste, Santa Ana, Goienkale zein San Faustoko jaietan, Ezkurdin zein Kalebarrian, Goienkaleko lonja hura aurkitu arte.

DRTaren zuzendaritzak argi zuen ezinbestekoa zela egoitza bat izatea, eta ahal zen neurrian herriko alde zaharrean.

Baina, betiko lez, diru falta zegoen. Hala ere, gaztedia ausarta da eta zuzendaritzak eta inguruko kide batzuek apustu sendoa egin zuten. Kreditu bana eskatu eta lokal zaharkitu hura atontzen hasi ziren. Baina igeltsero lanetan inork ere ez zuen eskarmenturik, eta, beraz, aditu bat bilatu behar, eta hor agertu zen “Pepe” igeltseroa. Berak bideratu zuen lan gogorrena, Txusmen, Txapo, Barrene eta hainbat boluntariorekin. Apurka-apurka lokal ziztrin eta zaharkitu hura itxura hartzen joan zen, txukunduta, ateak zabaldu zituen arte.

Hasiera hasieratik bi helburu zituen tabernak. Batetik, belaunaldi ezberdinetako topalekua bihurtzea, eta bestetik, errugbia sustatzea eta zaleen topalekua bilakatzea.

Ene ustez, zerbait azpimarratu beharko banu tabernaren inguruan, laguntasuna litzateke, beti dago ezagunen bat berarekin garagardo bat hartzeko eta solasaldi bat izateko. Hor dago taberna honen gakoa, izan zirelako gara eta garelako izango dira. Bejondeizula Rugby Taberna, eta urte askotarako!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!